Astronomia

'Leonard' kometa ez da hautsi, eta datorren astean begi hutsez ikusi ahal izango da

Espero zen bidea egiten ari da Leonard kometa, eta datorren astean begi hutsez ikusi ahal izango da Euskal Herrian. 80.000 urtean behin hurbiltzen da Lurrera.

'Leonard' kometa, azaroaren 19an, Mungiatik ateratako argazkian. ALEX ESCARTIN
jon ordonez garmendia
2021eko azaroaren 30a
18:18
Entzun

«Berri onak! Kometa bizirik dago oraindik! Sutan bero eta distiratsu ikusi dute Lemmon behatokitik!». Hitz horiekin baieztatu dute sare sozialetan C/2021 A1 Leonard kometa espero zen bidea egiten ari dela. Ondo bidean, datorren astean begi hutsez ikusi ahal izango da Euskal Herritik, eguraldiak laguntzen badu.

Urtarrilean aurkitu zuten Greg Leonardek Arizonako (AEB) Lemmon Mountain behatokitik, eta bere deitura eman zion: C/2021 A1 Leonard. Harrezkero astronomia zaleak haren esperoan izan dira. Azken egunetan, ordea, kometaren egoeraren gainean zalantzak sortu dira, haren argitasuna geratuta zegoelakoan, hurbildu ahala handitu beharrean. Adituek uste zuten nukleoa hautsita egon zitekeela, baina azkenean ez dela hala baieztatu dute, hainbat lekutan atera dizkioten argazkiek erakusten dutenez.

80.000 urtean behin pasatzen da Leonard Lurraren ingurutik, eta jada ikusgai da gailuren batekin begiratzen duenarentzat. Virginia Garcia Aranzadiko Astronomia saileko kideak BERRIAri adierazi dionez, goizaldetan largabistekin ere ikusi ahal izango da oraingoz,ekialderantz begiratuta. Datorren astean, baina, begi hutsez ikusi ahal izango da Leonard. Horretarako egunik onenak abenduaren 12a, 13a eta 14a izango dira, betiere zerua oskarbi badago, «oso garbi».

Ipar Hemisferiotik begi hutsez ikusi ahal izan den azken kometa C/2020 F3 Neowise izan zen. Iazko udan ikusi ahal izan zen. Aranzadiko kidearen arabera, Leonard iluntzean eta egunsentian ikusiko da abenduan, eta, horretarako, Hartz Handirantz begiratu beharko da, handik gertu pasatuko baita. Oraintxe bertan Hartz Handia oso behean dago, zeruertzean. Horregatik, toki altuetara igotzea gomendatzen zuen Garciak: «Bestela mendiek oztopatu egin baitezakete kometa ikustea».

Argazki bat Mungiatik

Alex Escartinek joan den astean, azaroaren 19an, atera zion argazki bat Leonard-i Mungian (Bizkaia), teleskopio batekin eta argazki kamera berezi batekin. Bizkaiko Astronomoen Elkarteko kidea da, eta Espainiako toki batean modu finko batean jarri nahi duten teleskopioarekin ari zen probak egiten argazkia atera zionean. Guztira hamabost argazki atera zizkion, goizaldeko 04:17etan.

Isatsagatik dira ezagutzeko errazak kometak. Garciak BERRIAri azaldu dionez, asteroideak ez bezala (harriz osatuak dira horiek), kometak izotzez eta hautsez osatuta daude. «Horregatik dute isatsa: ur eta hauts partikulak askatzen dituztelako. Eguzkira hurbiltzean kometa urtu egiten da», azaldu zuen joan den astean Leonard-engatik galdetuta, zuhur. Izan ere, formaz aldatzean kometa puskatu egin daiteke, edo norabidea alda dezake. Uste hori zuten aurreko bi egunetan kometa puskatu egin dela susmatzen zutenek.

«Kometa bat gogortu gabeko elur bola zikin baten tankerako zerbait da. Eguzkiaren beroa eta erradiazioa nabaritzen duenean, gasa eta partikulak askatzen ditu: horregatik du isatsa. Baina kohesioa galtzen du, eta puskatu egin liteke», azaldu dio Escartinek BERRIAri. Haren arabera, egunsentian Arturo izarrak lagundu dezake Leonard aurkitzen, eta iluntzeetan abenduaren 11tik 29ra izango da ikusgai.

Euskal planisferioa lagun

Datozen egunetan kometa ikusi ahal izateko lagungarria izango da Aranzadiren Elkano euskal planisferioa. Planisferio bat zeru sabaiko izarren mapa bat da, plano batean proiektatua, eta konstelazioak eta izarrak ezagutzeko erabiltzen da. Oso-osorik euskaraz idatzita dago, eta Euskal Herriko paraleloan, hau da, 43 º ipar latitudean kokatutako lehen planisferioa da. Hain zuzen, larunbatean 16:00etan aurkeztuko du Virginia Garciak Durangoko Azokan.

Munduari emandako lehen itzuliaren 500. urteurrenaren harira sortu du Aranzadik, eta BERRIA Dendan dago salgai. Ingurumenari eta zientziari lotutako jakintza euskaraz zabaltzea da BERRIAren eginkizunetako bat. Hori dela eta, irakurleek zerua ere euskaraz irakur dezaten sustatu nahi izan du euskaraz idatziko planisferioaren bidez.

Datorren astean, gainera, BERRIAk behaketa astronomiko bat egingo du Aranzadirekin eta izena eman duten irakurleekin, Arbailungo behatokian, Usun (Nafarroa). Bi ordu iraungo du, eta 50 lagunek hartuko dute parte. Eguraldiak laguntzen badu (behaketa azaroan zen egitekoa, baina eguraldiagatik atzeratu egin behar izan zuten), begi hutsez ez bada ere, Leonard kometa ikusi ahal izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.