Europa

EBko abokatu nagusiak ontzat jo du aurrekontuak zuzenbide estatuaren balioekin lotzea

Poloniak eta Hungariak helegiteak aurkeztu zituzten EBren diru sailak «Europako printzipioekin» baldintzatzeko erabakiaren kontra. 2022an espero da EBko Justizia Auzitegiaren epaia.

Viktor Oban Hungariako lehen ministroa eta Mateusz Morawiecki Poloniakoa, joan den ekainean, Bruselan. ARIS OIKONOMOU, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko abenduaren 2a
13:00
Entzun

EB Europako Batasunaren aurrekontuak zuzenbide estatuaren balioekin lotzeko mekanismoa ontzat jo du EBko abokatu nagusiak. Hari zegokion auzia aztertzea, eta, adierazi duenez, legezkoa da printzipio horiek ezinbesteko baldintza bihurtzea estatu kideentzat, batasuneko diru sailak jaso ahal izateko. Hala adierazi du organoaren hamaika abokatuetako batek, Manuel Camposek, EBren banaketa sistemari Poloniak eta Hungariak jarri zizkioten helegiteak aztertu ostean. Haren iritziak ez du zertan bat egin EBko Justizia Auzitegiak helegitearen gainean hartu beharreko azken erabakiarekin, baina ohikoa izaten da epaia ildo berekoa izatea. Kasuen %80tan gertatzen da hala.

Abokatuaren esanetan, EBren aurrekontu banaketa zuzenbide estatuaren balioen betetzeko baldintza jartzeak ez du urratzen EBren legedia. «Erregimenak oinarri juridiko egokia du; EBren itunaren 7. artikuluarekin bateragarria da, eta segurtasun juridikoaren printzipioa errespetatzen du», adierazi du Camposek.

Ia urtebete egin behar da atzera auziaren jatorria azaltzeko. Iazko abenduan, EBko estatu kideak 2021-2027ko aurrekontuen negoziazioetan ari zirela, Poloniak eta Hungariak kritikatu egin zuten diru sailak «Europako balioekin» lotzea. Bi herrialde horiek izan ezik, gainerako estatuek onartu zuten baldintza, 27 kideko bloke batean.

Onartu zen sistemaren bidez, Bruselak gaitasuna du estatu kide bati diru funts komunitariotik dagokion diru poltsaren ordainketa eteteko, baldin eta zuzenbide estatuaren irizpideak urratu dituela ebazten badu eta urraketa horiek kalte egiten badiote diruaren erabilera egokiari. Europako Batzordeak Polonia eta Hungariari egotzi die printzipio horien kontrako erabakiak hartzea; besteak beste, estatuko botere banaketa arriskuan jartzen duten eta gutxiengoak baztertzen dituzten neurriak onartu dituztela argudiatuta.

Varsoviak eta Budapestek mehatxu egin zuten blokeoa ezarriko ziotela pandemiaren kontrako ezohiko diru poltsaren onarpenari, Bruselak uko egiten ez bazion aurrekontuaren banaketa baldintzatzeari. Azkenean, ordean, bide eman zioten diru poltsa horri, eta gainerako kideekin adostu zuten helegiteak jartzea EBko Justizia Auzitegian.

EBko abokatu nagusiaren txostena prozesuaren azken urratsa izaten da, EBko Justizia Auzitegiak epaia eman aurretik. Ez da espero Luxenburgoko auzitegiak epaia ematea 2022. urtea baino lehen. Europako Batzordeak erabaki horri itxarotea erabaki du, Poloniaren eta Hungariaren kontrako espedienteak irekitzerako. Bruselaren jarrera kritikatu du hainbat talde politikok, eta Europako Parlamentuak batzordeari exijitu dio berehala blokeatzeko bi herrialde horientzako diru sailak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.