Gorenak dio COVID ziurtagiria exijitzea «egokia, beharrezkoa eta neurrizkoa» dela

Eusko Jaurlaritzaren helegitea aintzat hartzen duen ebazpena argitaratu du Espainiako Auzitegi Gorenak. Epaileek diotenez, neurriak ez ditu oinarrizko eskubideak urratzen.

Herritar batzuk COVID ziurtagiriarekin. IDOIA ZABALETA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko abenduaren 3a
10:21
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak argitaratu egin du Eusko Jaurlaritzak hainbat tokitan COVID ziurtagiria exijitzeko eskaerari oniritzia eman dion autoa, eta, beraz, Jaurlaritzak era izango du ziurtagiria ezartzeko. Gorenak ontzat jo ditu Jaurlaritzak emandako argudioak, eta COVID ziurtagiria erabilera «egokia, beharrezkoa eta neurrizkoa» dela ebatzi du. Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salaren Laugarren Sekzioko epaile Pablo Lopez Murillok sinatutako ebazpenak dio Jaurlaritzak nahikoa arrazoi duela 50 mahaikiderentzako baino gehiagorentzako lekua duten jatetxeetan eta gaueko aisialdi establezimenduetara sartzeko COVID ziurtagiria eskatzeko. Goreneko magistratuek uste dute neurri honek ez diola kalte egiten taberna eta jatetxeetako jabeei, eta azpimarra berezia jartzen du ziurtagiriak osasun publikoa zaintzeko orduan izan dezakeen garrantzian. Sententziaren arabera, pandemia kontrolatzeko neurri «egokia» da, eta ez ditu oinarrizko eskubideak urratzen. EAEko Auzitegi Nagusiak ziurtagiria ez baimentzeko arrazoien artean oinarrizko hainbat eskubideren urraketak aipatu zituen: berdintasuna eta intimitatea, eta elkartzeko eskubidea, besteak beste. Gorena ez dator bat argudio horrekin, eta uste du pandemiaren egungo egoerak justifikatu egiten duela halako neurri bat hartzea, berriro ere «iraganeko egoera kritikoak» ez izateko. Auzitegi Gorenak kaleratu duen epaiak magistratu baten boto partikularra dauka.

Autoaren arabera, ziurtagiria eskatzea «egokia, beharrezkoa eta proportziozko neurri bat» da, eta justifikatuta dago hura ezartzeko eskaera. Erabakia argudiatzeko, irailaren 14an Galiziarako eman zuen ebazpenean oinarritu da Gorena, eta gogorazi du kasu haren antzekoa dela Jaurlaritzarena. Auzitegiak dioenez, Galiziakoa bi hilabete pasatxo emandako epaia da, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren autoak ez du horren edukiari buruz ezer esaten. «Omisio hori» bereziki «esanguratsua» iruditzen zaio epaimahaiari, bi kasuen arteko antzekotasunak ukaezinak direla iritzi diolako. Epaiak gaineratzen duenez, EAEko Auzitegi Nagusiak «ahalegin txiki bat egin beharko zukeen» bi egoeren arteko antzekotasunik zergatik ez zituen topatu azaltzeko.

Horrez gainera, epaileen ustez, ziurtagiria eskatzea beharrezkoa da gaitzaren transmisioa prebenitzeko, eta ez du eragin nabarmenik establezimendu horietara sartzeko aukeran, ezta egiten duten jardueran ere. Gainera, magistratuek azpimarratu dutenez, gaur-gaurkoz, txertatutako herritarren kopurua handia bada ere, kutsatzeak ez dira apaldu, eta txertatu gabekoek birusa transmititzen jarraitzen dute: «Ez dakigu zenbat denboraz izango den eraginkorra immunizazioa, eta ez dago zalantzarik txertorik hartu ez dutenen kopuru nahikoa dagoela birusa eta, beraz, gaixotasuna haien artean eta gainerako herritarren artean zabal dadin», zehaztu dute.

Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpen ofiziala jaso orduko, osasun ziurtagiriaren erabilera ezartzeko asmoa duela esan zuen herenegun Eusko Jaurlaritzak. Beraz, litekeena da bihar bertan neurri hori indarrean egotea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur arratsaldean bilduko da Labi (16:30ean du bilera), eta bertan erabaki dezakete noiz eta nola ezarriko den ziurtagiria. Gainera, Jaurlaritza aztertzen ari da ziurtagiriaren erabilera beste alor batzuetara ere zabaltzea. Iñigo Urkullu lehendakariak herenegun eman zuen asmo horren berri, baina ez zuen zehaztu zein jarduera eremu dituzten buruan. Aitortu zuen, hori bai, urrats hori egiten badute auzitegien onespena beharko dutela aurrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.