Euskararen Eguna

Euskararen alde ekitera deitu dute eragileek Euskararen Nazioarteko Egunean

Adierazpen andana egin dituzte euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen eskatuz, eta herritarrak, eragileak eta erakundeak konpromisoak hartu eta euskararen aldeko dinamiketan parte hartzera bultzatzeko.

Ordizian Lazkao Txikiren irudiarekin eta hark euskararen inguruan esandako esaldi batekin udan egindako murala. RAUL BOGAJO, FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko abenduaren 3a
11:40
Entzun

2022. urtea «hitza eta ekimena indartzeko urtea» izatea aldarrikatu dute Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak, adierazpen bateratuan, eta 19. Korrikaren bukaeran Lorea Agirrek izan zituen hitzak gogora ekarri dituzte: «Auzia ez da izan ala ez izan. Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori. Kontua ekitea da. Egitea. Egiten duguna gara. Izatea egitea da». Azken urteetan, Korrika eta Euskaraldiaren bidez, bi egiturek «konpromisoak hartzera» deitu dutela oroitarazi dute, eta heldu den urtean ere egitasmo horietan parte hartzera deitu dute.

«Euskararen aldeko dinamikak hedatzen eta indartzen ari zirela, ordea, pandemia agertu zen, eta, hondamendi soziala eragiteaz gain, euskararen biziberritze-dinamika gogor kolpatu zuen. Pandemiak erakutsi digu, ikusarazi digu, gal dezakegula orain arte irabazitakoa, zaindu eta sustatu ezean. Horregatik, azken urteetako irabazia galbidean ikusi nahi ez badugu, gure hizkuntzaren iraupenak eta garapenak bultzada berriak beharko dituzte. Eta horretarako aukera bikaina eskainiko digu datorren urteak, Korrikan parte hartuta, Euskaraldian ahobizi edo belarriprest modura arituta, eta ekimenok antolatzeko batzordeetan esku hartuta».

Hitzekin izanen da 22. Korrikaren leloa eta hitzez ekiteko garaia hirugarren Euskaraldiarena. «Bi ekimenen antolatzaileok argi dugu 2022a hitzaren eta ekintzaren urtea izango dela». Euskal Herri osoan antolatzearen garrantzia azpimarratu dute. «Guk Baionatik Tuterara eta Muskizetik Santa Grazira zabaldu nahi dugu euskararen aldeko dinamika, euskararen ezagutza unibertsaliza dadin, erabilera lau haizeetara heda dadin eta euskaraz eroso aritzeko guneak ugal daitezen». Horretarako, denen parte hartzea beharrezkoa dela azpimarratu dute. «Soilik elkarlanean eta denon bultzadaz lortuko dugu euskarak aurrera egitea, guztiok baitugu egin, eragin eta eginarazteko aukera».

Etorkizuneko hizkuntza-politiketan jauzia emateko beharra eta prestutasuna adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta joan den ekainean eremu askotariko ehun eragilek Batuz aldatu adierazpen bateratua izenpetu zutela oroitarazi du. Euskara eroso erabiltzeko baldintzak sortzea da dokumentuaren helburua, hau da, herritarrak ahalegin berezirik egin beharrik gabe euskaraz eroso aritzeko baldintzak izatea, euskaraz hitz egiteagatik deseroso edo baztertuak sentitu gabe.

Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa eginen du abenduaren 6an, Durangon (Bizkaia) Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean. «Batetik, indarrean dauden hizkuntza-politikek goia jo dute, bestetik estatuen zapalkuntza linguizidak bere horretan jarraitzeaz gain hurrengo urteetan okerrera egingo duenaren zantzuak agerikoak dira. Beraz, zerumugan azaltzen ari diren erronka eta mehatxuei gutxieneko bermeekin aurre egin ahal izateko eta euskaldunak babesteko ezkutua eraikitzeko, Euskal Herrian hizkuntza-politika burujabea indarrean jarri behar da eta horretarako Euskararen Errepublika independentea eskuratu behar da».

Bai Euskarari elkartearen hitzetan, ospatzeko eguna ez ezik aldarrikatzekoa ere bada Euskararen Eguna. «Euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi dugula esatekoa». «Gurean egunero da Euskararen Eguna» dioen afixa prestatu dute, «espazioak euskaraz betetzeko lanean» ari diren egiturek afixatu dezaten.

Alderdien adierazpenak

EH Bilduren ustez, euskararen aurkako «oldarraldi politiko-judiziala» intentsitatez igo da azken hilabeteetan, eta hizkuntza minorizatuen aurkako «erasoaldi zabalago baten parte» kokatu du. Horren adibidetzat jo ditu, besteak beste, PSNk eremu mistoko eta ez-euskalduneko lan deialdietan euskara meritu gisa hartzearen aurka egin gogo duen dekretua, Molaclegearen kontra Frantziako Konstituzio Kontseiluak hartutako erabakia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatzi izana Irungo Udaltzaingoaren lan eskaintza batean euskara eskatzea diskriminatzailea dela. «Gertakari hauek guztiak hain denbora laburrean kateatu izana ez da kasualitate hutsa. Badago sakoneko korronte bat hizkuntza minorizatuen kontrakoa, eta bidea egiten ari da. Jauzi kualitatiboen aurrean gaude», adierazi du koalizio abertzaleak.

Horrez gain, azken hilabeteetako azterketa eta ikerketa batek baino gehiagok euskararen ezagutzari zein erabilerari buruz «motelaldian eta are atzeraldian» ez ote gauden «zantzu nabarmenak» erakutsi izana deitoratu du EH Bilduk.

Hala ere, baikor izateko motiborik ere ikusi dute ezkerreko independentistek. Hala, «pozgarri» eta «eredugarri» jo ditu Brebeta eta Baxoa azterketak euskaraz pasatzearen alde Seaskako irakasleek eta ikasleek egindako desobedientzia ekintza eta euskarazko murgiltze irakaskuntza onar dezan Frantziako Konstituzioa aldatzeko Ipar Euskal Herriko parlamentario guztiek Emmanuel Macron Frantziako presidenteari gutuna idatzi izana. Nafarroaren zonifikazioaren kontrako eta hizkuntza eskubideen aldeko Cortesko adierazpena, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskaraz ikasi ahal izateko ikasleen borroka, Errigorak martxan jarri duen Agerraldia proiektua eta euskara elkarte berrien sorrera ere goraipatu ditu.

Horiek horrela, euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko borrokan berretsi da EH Bildu. «Hizkuntza gutxituen aurka egitea aniztasunaren aurka egitea da, eskubideak ukatzea, eta, ondorioz, elkarbizitzari eraso egitea. Guk ez diogu inori euskara inposatu nahi, baina, era berean, inork ezin digu guri hizkuntza hegemonikoa inposatu geure herrian». 2022. urteak inflexio puntua markatu behar duela adierazi dute. «EAEko Euskararen Legeak 40 urte beteko dituen urteak hizkuntza politika berriaren eztabaida parez pare irekitzeko garaia behar duela deritzogu. Kaleak hartu, herri adostasun zabalak josi eta euskalduntze prozesuak eskatzen dituen jauziak prestatzeko garaia da. EH Bildu, dagokion neurrian, indar biziz ahaleginduko da langintza horretan».

EAJren iritziz, «euskarak egiten gaitu herri. Eta euskara gizarteko ahalik eta eremurik gehienetan, guztietan ahal bada, erabili behar da, hizkuntza gisa biziko bada». Berriki Euskadi egiten: Euskara bizi eta euskaraz bizi ebazpen-proposamena argitaratu dutela oroitarazi dute jeltzaleek, eta bertan jasotakoak nabarmendu dituzte. EAJren arabera, «orain dela gutxi arte» euskara bere eremu naturalean nagusi zegoen; horregatik, euskal gizarteari dei egin dio euskara euskal hiritarren artean nagusia izan dadin.

Hori dela eta, «hezkuntza-arloari leporatu nahi zaion erantzukizuna zehaztu» nahi izan du EAJk, gaur egun, hezkuntza bere eginkizuna «bikain» betetzen duela ebatzita, eta norbanakoengan jarri du ardura. «Erabilera bermatuko bada, belaunaldi bereko kideen arteko eta belaunalditik belaunaldirako kideen arteko transmisioa zaindu behar da. Hori norberari eta familiari dagokigu. Guztion eginkizuna da». Ezinbestekotzat jo du eguneroko bizimodu arruntean ditugun harreman naturalak euskaraz bideratzea.

PSEk «akordio zabalak eta askatasuna» aldarrikatu ditu. Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak adierazi du euskararen promoziorako konpromisoa dutela sozialistek «momentu oro eta eremu guzietan», eta «euskararen inguruko akordio handi guzietan» egon direla baieztatu du, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoko estatutua eta Euskararen Normalizazio Legea aipatuta. Baina, era berean, «askatasuna» ere aldarrikatu du. «Euskaraz bizitzeko askatasuna, askatasuna administrazioarekiko harremanean, askatasuna norberak nahi duen hizkuntzan lan egiteko, euskara gutxietsi gabe, baina ez dakiena baztertu gabe». #euskara365egun traola erabilita PSEk sareetan kanpaina bat eginen duela iragarri du Anduezak.

Ahal Dugu-k «atzerrian zein Euskadin», erronka bera dutela erran du: «gure hizkuntza zaintzea, erabiltzea, sustatzea eta bizi-esparru guztietan presentzia ematea». COVID-19aren pandemiak euskarari egin dion «kaltea» aipatu du, «batez ere familia euskaldunak ez dituzten haurren kasuan», eta plataforma digitaletan euskararen presentzia bermatzeko zailtasuna dagoela ere azpimarratu du. «Euskadiko alderdi guziek salatu dugu eta mahai gainean jarri dugu, garrantzitsua eta ezinbestekoa iruditzen zaigulako euskarak bere presentzia izan behar duela aldarrikatzea, eta bide horretan pausoak ematea». Heldu euskaldunei ere dei egin diete, haurren aitzinean euskaraz mintza daitezen.

EH Baik aldarrikatu du «egunero» dela euskararen eguna, «aske eta libre euskaraz lan egin eta bizitzeko eguna». Horiek horrela, euskararen erabilpenean zein irakaskuntzan diren oztopoak salatu ditu. Azterketak euskaraz pasatzeko ezintasuna deitoratu, eta abenduaren 10ean Seaskak Bordelen antolatu duen protestan parte hartzera deitu dute. EH Bairen hitzetan, «euskarak, eta orohar hizkuntza gutxitu guziek, estatu juridiko berezi bat behar dute bizirauteko». Hala, «sostengu osoa» adierazi diete egunerokotasunean euskararen alde ari diren guziei: «euskaldunak, elkarteak, erakasleak, ikasleak… Euskararen kontrako erasoa, euskaldunen kontrako erasoa da. Gure hizkuntzari diogun atxikimendua erakutsi behar dugu eta erasoari kolektiboki erantzun, mobilizazioen bitartez»