Turkia

Turkiaren aurkako diziplina prozesu bat hasiko du Europako Kontseiluak

Osman Kavala enpresari eta filantropoa kargurik gabe preso izateagatik abiatu du prozedura Estrasburgok. Turkiaren independentzia urratu dutela salatu du Ankarak.

Osman Kavalaren aldeko elkarretaratze bat, azaro amaieran, Istanbulen. TOLGA BOZOGLU, EFE
2021eko abenduaren 3a
13:50
Entzun

Lau urte daramatza Osman Kavala enpresari eta filantropoak espetxean, haren aurkako epai irmorik gabe, eta joan den astean Istanbulgo auzitegiek ebatzi zuten hala jarraituko zuela. Egozten dizkioten karguak dira 2016ko udan gertatutako estatu-kolpe saiakeraren bultzatzaileetako bat izatea eta espioitza egitea. Europako Kontseiluak egin du orain urratsa, eta iragarri du Turkiaren aurkako prozedura abiatuko duela, Kavalari preso eusteagatik. Hala, auzia Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren esku utziko du, iritzita Ankarak huts egin duela bere betebeharretan.

2019ko abenduan Europako auzitegiak ebatzi zuen Kavala aske utzi behar zuela Turkiak, argudiatuta haren atxiloketa «froga nahikorik gabe» egin zutela. Auzitegiaren esanetan, Kavala atxilotu izanaren helburua litzateke hura «isilaraztea», eta, bide batez, giza eskubideen aldeko eta oposizioko beste kideak ere «beldurtzea». Hala, auzitegiak iaz eskatu zion Ankarari amai zezala oposizioko kidearen atxiloaldia, eta berma zezala haren askatasuna.

Orain, Europako Kontseiluak leporatu dio Turkiari auzitegiaren ebazpena ez betetzea, eta, beraz, jakinarazi dio datorren otsailean haren aurkako prozedurak abiatuko dituela. Orain, Ankarak hilabeteko epea luke erabakiaren aurkako helegite bat aurkezteko. Izan ere, Giza Eskubideen Europako Ituneko 46. artikuluaren arabera, Europako Kontseiluko kideak derrigortuta daude auzitegiaren erabakiak betetzera.

Ankara ez dator bat Estrasburgoren argudioekin, eta eskatu dio «inpartzialtasunez» joka dezala. «Justiziaren independentzia oinarri hartuta, eskatzen diogu Europako Kontseiluari ez ditzala hartu gure justizia oztopatzen duten erabakiak», ohartarazi du Turkiako Atzerri Ministerioak ohar batean. Turkiako Gobernuak nabarmendu du jakin badakiela zeintzuk diren bere betebeharrak kontseiluarekiko, eta ohartarazi haren aurkako prozedura «argudio politikoek» bultzatutakoa dela, eta horrek kontseiluaren «izen ona zikin» dezakeela.

Erdoganek «terrorista» deitu izan dio behin baino gehiagotan Kavalari, eta behin eta berriz esan izan du George Soros milioidunaren eta Kavalaren artean harremana dagoela —2018ra arte Turkiako Open Societyko kidea zen Kavala, Sorosek finantzatutako erakundekoa—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.