Urrutikoetxea-Aranguren 22-16 Peña II.a-Albisu

Bigarren garaipena Urrutikoetxea-Arangurenentzat

Ezustekoa eman eta bikote faboritoetako bati irabazi diote. Urrutikoetxea izan da partidako onena. Emakume Master Cupeko lau eta erdiko finala Miriam Arrillagak eta Amaia Aldaik jokatuko dute.

Urrutikoetxea eta Aranguren besarkatuta, gaur, Bilbon, Albisuri eta Peñari irabazi berritan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2021eko abenduaren 5a
20:07
Entzun

Urrutikoetxearen errematea eta Arangurenen segurtasuna. Bi osagai horiekin lortu du bikoteak Binakako Txapelketako bigarren garaipena, gaur, Bilbon. 22-16 gailendu zaizkie Jon Ander Peñari eta Jon Ander Albisuri. Hiru neurketatik bakarra irabazi dute haiek.

6-6ra arte neurketa berdindua izan da, baina gero Urrutikoetxearen ezkerrak agindu du. 17-11 aurreratu dira irabazleak, eta Peña II.ak eta Albisuk osatutako bikotea 17-16raino gerturatu den arren, hainbat akatsek 22ra heltzea ahalbidetu diete Urrutikoetxeari eta Arangureni.

Hirugarren jardunaldia atzo hasi zen Lizarran (Nafarroa), Jaka-Mariezkurrena II.aren garaipenarekin (22-21 Laso-Imazen aurka). Bihar Tolosan (Gipuzkoa) jokatuko dute Altuna III.a-Martijak Elezkano II.a-Zabaletaren aurka, eta asteazkenean, Bergaran (Gipuzkoa), Ezkurdia-Tolosak Irribarria-Rezustaren aurka. Momentuz, Elezkano eta Zabaleta dira neurketarik galdu gabe jarraitzen duten bakarrak.

Finala, Arrillaga-Aldai

Bestalde, gaur goizean jokatu dira Emakume Master Cupeko lau eta erdiko txapelketako finalaurrekoak. Miriam Arrillagak 22-15 irabazi dio Enara Gaminderi, eta Amaia Aldaik 22-19 Olatz Arrizabalagari. Bi garaileek abenduaren 19an jokatuko dute finala Mungian (Bizkaia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.