Urrutikoetxearen errematea eta Arangurenen segurtasuna. Bi osagai horiekin lortu du bikoteak Binakako Txapelketako bigarren garaipena, gaur, Bilbon. 22-16 gailendu zaizkie Jon Ander Peñari eta Jon Ander Albisuri. Hiru neurketatik bakarra irabazi dute haiek.
6-6ra arte neurketa berdindua izan da, baina gero Urrutikoetxearen ezkerrak agindu du. 17-11 aurreratu dira irabazleak, eta Peña II.ak eta Albisuk osatutako bikotea 17-16raino gerturatu den arren, hainbat akatsek 22ra heltzea ahalbidetu diete Urrutikoetxeari eta Arangureni.
Hirugarren jardunaldia atzo hasi zen Lizarran (Nafarroa), Jaka-Mariezkurrena II.aren garaipenarekin (22-21 Laso-Imazen aurka). Bihar Tolosan (Gipuzkoa) jokatuko dute Altuna III.a-Martijak Elezkano II.a-Zabaletaren aurka, eta asteazkenean, Bergaran (Gipuzkoa), Ezkurdia-Tolosak Irribarria-Rezustaren aurka. Momentuz, Elezkano eta Zabaleta dira neurketarik galdu gabe jarraitzen duten bakarrak.
Finala, Arrillaga-Aldai
Bestalde, gaur goizean jokatu dira Emakume Master Cupeko lau eta erdiko txapelketako finalaurrekoak. Miriam Arrillagak 22-15 irabazi dio Enara Gaminderi, eta Amaia Aldaik 22-19 Olatz Arrizabalagari. Bi garaileek abenduaren 19an jokatuko dute finala Mungian (Bizkaia).