Belgika

Sei zauritu eta hogei atxilotu Bruselan, neurrien aurkako protestan

Belgikan ere derrigorrezkoa da COVID ziurtagiria tabernetan, jatetxeetan eta aisialdirako hainbat gunetan sartzeko

Manifestarietako batzuk, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
2021eko abenduaren 6a
10:43
Entzun

Atzo Belgikako hiriburuan eginiko protestaren balantzea zabaldu du Poliziak: 8.000 pertsona inguru bildu ziren izurria kontrolatzeko harturiko neurrien aurkako protestan. Istiluak izan ziren manifestazioaren amaieran; sei pertsona zauritu ziren, eta hogei atxilotu zituzten.

Manifestazioa 13:00ak aldera hasi zen, eta Europako Batasuneko erakundeek egoitza duten auzunerako bidea egin zuen. «Askatasunaren» aldeko eta txertatugabeen «estigmatizazioaren» kontrako aldarriak egin zituzten manifestariek.

Modu baketsuan egin zen protesta, baina, amaieran, talde batek suziriak eta bestelako jaurtigaiak bota zituen EBko egoitzak inguratzen zituzten polizien kontra. Poliziak ur kanoiak eta negar gasa erabili zituen manifestarien kontra.

Manifestazioa azaroaren 21ekoa baino txikiagoa izan zen; orduan 35.000 pertsona inguru bildu zituzten deitzaileek.

Belgikan gogor jotzen ari da izurria: azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 2.127 kasuko intzidentzia erregistratu dute. Belgikan ere derrigorrezkoa da COVID ziurtagiria tabernetan, jatetxeetan eta aisialdirako hainbat guneetan sartzeko. Protestaren deitzaileen arabera, neurria oinarrizko eskubideen aurkakoa da: «Birusa ez dago kontrolpean, baina populazioa bai».

Urtarriletik aurrera, txertatzea derrigorrezkoa izango da osasun langileentzat eta beste hainbat langile publikorentzat, suhiltzaileentzat esaterako. Horietako asko manifestazioan zeuden atzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.