Migrazioak

Ziburun trenak harrapatuta zaurituriko etorkinak eta hiru elkartek salaketa jarri dute

Nahi gabeko hilketagatik, bizia arriskuan jartzeagatik, nahi gabeko zauriengatik, eta pozoitzeagatik jarri dute salaketa Cimade, Anafe, eta Gisti elkarteek, istriputik zauriturik atera zen etorkinarekin batera.

Ziburun hildako hiru migranteen heriotzak salatzeko protesta. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abenduaren 6a
10:54
Entzun

Iragan urriaren 12an gertatu zen ezbeharra, Ziburun (Lapurdi). Hendaiatik (Lapurdi) Bordelera (Okzitania) zihoan trenak lau lagun harrapatu zituen, trenbidean etzanik zeudela. Horietako hiru hil dira, eta laugarrena Baionako erietxera eraman behar izan zuten, larri. Baionako prokuradoreak baieztatu zuen laurak Aljeriatik zetozela, eta migrazioaren bidean zeudela, Baionara iritsi nahian. Bada, etorkinen defentsarako hiru elkartek eta zauriturik atera zen gizonak Baionako fiskalaren aitzinean salaketa jartzea erabaki dute: nahi gabeko hilketagatik, bizia arriskuan jartzeagatik, nahi gabeko zauriengatik, eta pozoitzeagatik.

Izan ere, istripua gertatu eta bi egunera, Frantziako Poliziak istriputik ongi atera zen bosgarren gizon bat atxilotu zuen, Baionan. Zauriturik atera zenak kontatutakoaren arabera, ordea, pasatzaile gisa kontratatu zuten bosgarrena, eta susmoa du pozoitu ote zituen gainerako laurak. Haren abokatuak Sud Ouest-i kontatu dionez, «pentsaezina da» laurak lo gelditu izana, «normalean batek zaintza lana» egiten zuelako.

Bestalde, Baionako Fiskalak istripua gertatu eta berehala ireki zuen ikerketa, «heriotzaren arrazoiak» zuzen zein izan diren aztertzeko. Frantziako Auzi Poliziak eta Frantziako Aireko eta Mugetako Poliziak eramaten dute ikerketa. Elkarteek eta bizirik atera denak ezarritako salaketak «ikerketaren barneko eztabaidak» argituko dituela uste du abokatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.