5-11 urte arteko haurren txertaketa onetsi du Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak

Hilaren 15etik aurrera autonomia erkidegoek haurrak txertatzen hasi ahal izango dutela jakinarazi du

Arantxa Iraola-Irati Urdalleta Lete
2021eko abenduaren 7a
12:50
Entzun

Sendagaien Europako Batzordeak oniritzia eman zion Pfizer botika etxeak haurrentzat ondu duen COVID-19aren aurkako txertoari, eta 5-11 urte arteko umeei txerto hori jartzeko bidea ireki du orain Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak. Adierazi du lehen txertoak hilaren 13an helduko direla, eta hilaren 15ean hasi ahal izango dutela autonomia erkidegoek umeak txertatzen. Urtarrila bitartean 3,2 milioi dosi jasotzea espero dutela esan dute, eta horiekin 5-11 urte arteko ume guztiei lehen dosia jartzeko era izango dela.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hilaren 15ean bertan hasi asmo dute txertaketa, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik gaurko gobernu kontseiluaren osteko agerraldian esan duenez: «Osakidetza horretarako prest dago, eta hasteko eguna eta Euskadin edukiko duen dosi kopurua —oraindik ez digute jakinarazi zehazki zenbat izango diren— zein den jakinda, txertaketa prozesuan informazioa emango diegu pertsona horiei datozen egunetan». Zehaztu duenez, 11 urtekoekin hasiko dira, eta horiek txertatu ahala, gazteagoekin jarraituko dute. Sagarduik ez du bestelako xehetasunik eman, esaterako, ez du argitu umeak non txertatuko dituzten. Esan du dosi kopuruaren eta bestelako xehetasun batzuen berri izandakoan jakinaraziko dutela.

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek EMAk txertoa onetsi berritan ezagutu berritan adierazi zuen txertaketa nola egin antolatzen hasiko direla. Erantsi zuen daukaten txerto kopuruaren araberakoa izango dela txertaketa hori. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak atzo azaldu zuen, Frantziako Osasun Aginte Gorenaren eta Frantziako Etika Batzordearen onespenaren zain daudela, eta abenduaren 15ean hasi nahi dutela haiek ere umeen txertaketa.

Txertoa oso zabalduta dago gainerako adin tarteetan, eta umeen artean naro zabaltzen ari da orain birusa. Adibiderako, atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pandemiaren azken datuekin zabaldutako buletineko datuak. Hamalau eguneko intzidentzia tasa metatu altuena duen adin tartea 0-9 urte arteko umeena da: 1343,70koa zehazki. Horregatik, hainbat osasun agintarik aparteko interesa azaldu dute umeak txertatzen hasteko. Gaitza sintoma arinekin pasatzen dute normalean umeek, baina birusaren transmisioan duten eraginari erreparatzen ari zaizkio txertaketaren alde ari diren eragileak.

12 urtetik gorakoei baino dosi txikiagoa jartzea baimendu zuen EMAk; hain zuzen, helduei ematen dietenaren herena emango diete. Bi dosi jarriko dizkiete umeei ere, batetik bestera hiru asteko tartea utzita. EMAk 2.000 umerekin egindako ikerketa baten ostean eman zuen ebazpena. Azaldu zutenez, txertoa umeentzat ere eraginkorra dela probatu dute. Haien datuen arabera, %90,7ko eraginkortasuna izan du sintomak ez izateko orduan. Kalkulatu dute benetako eraginkortasuna %67,7 eta %98,3 bitartekoa izan litekeela. EMAk jakinarazi duenez, txertoak umeen artean onura handiagoa eragiten du kaltea baino. Nahigabeko ondorio «arinak edo neurrizkoak» dituztela ikusi dute: nekea, giharretako mina, buruko mina, hotzikarak eta txertoa jarritako lekua gorritzea edo min hartzea. Egun batzuk igarota, ondorioak desagertu egin zaizkie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.