Erresuma Batua

Assange estraditatzeko baimena eman du Londresek

AEBetan espioitza egozten diote Wikileaksen sortzaileari, eta 127 urteko kartzela zigorra jar diezaiokete. Gorenera jotzeko aukera dute orain kazetariaren abokatuek.

Julian Assange askatzeko eskatuz egindako manifestazio bat. ANDU RAIN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 10a
11:42
Entzun

Wikileaksen sortzaile Julian Assange AEBetara estraditatzeko eskariari onespena eman dio Londresko auzitegi batek. Espioitza egozten diote kazetariari AEBetan, eta 127 urteko kartzela zigorra jar diezaiokete han erruduntzat joz gero. Dena den, Auzitegi Gorenera jo dezake oraindik kazetariak, baina bien bitartean behin-behineko atxiloaldian jarraituko du.

Londresko Helegite Auzitegiko epaile Timothy Holroyderen arabera, AEBetako Gobernuak «nahikoa berme» eman ditu ondorioztatzeko Assangek «tratu egokia» jasoko duela, eta, beraz, onespena eman diote hura estraditatzeari. Orain epaia Vanessa Baraitser epaileari helaraziko diote —hark erabaki zuen urtarrilean estradizio eskaria atzera botatzea—, eta hark Erresuma Batuko Barne ministro Priti Patelen esku utziko du. Holroyder epaileak kritika ere egin dio Baraitserri, esanez aurrez jakinarazi behar ziola Washingtoni estradizioa atzera botatzeko asmoa zuela, hark akusatuari ezarri asmo zizkion neurriei buruzko bermeen berri eman ahal izan zezan.

Assangeren gertukoek eta Wikileakseko arduradunek gogor gaitzetsi dute erabakia. Atariak salatu du erabakia berretsi duen Ingalaterra eta Galesko epaileburu Duncan Burnnet «Ekuadorko enbaxadan Assangeren atxiloketa prestatu zuen ministro ohiaren oso gertukoa» dela. Mugariek Gabeko Kazetariek ere gogor salatu dute erabakia, eta egotzi diete auzitegiei Assangeren aurka egitea bere kazetaritza lanarengatik. Hitz gogorrenak, hala ere, haren bikotekide Stella Morisenak izan dira: «Nola izan liteke bidezkoa, nola legezkoa, nola liteke Julian estraditatzea hura hiltzeko azpikojoan aritu den herrialdera?».

Joan den urtarrilean, Londresko beste auzitegi batek atzera bota zuen Assange AEBetara estraditatzeko Washiongtonen eskaria, iritzita horrek larriagotu egin zitzakeela kazetariaren buru-osasun arazoak. «Assange ikusita izan dudan inpresioa da depresioak jota eta etsita dagoen gizon baten aurrean nagoela, eta etorkizunak zer ekarriko dion beldur dela», adierazi zuen orduan Baraitserrek. Gaur, ordea, auzitegiek kontrako iritzia plazaratu dute, eta ontzat eman dute AEBek erabaki hari jarritako helegitea.

Wikileaksen sortzailea 2019ko apirilaren 11n atxilotu zuten, Londresen, Ekuadorren enbaxadan. Han zegoen babestua 2012tik, baina, Ekuadorko Gobernu aldaketarekin, konfiantza hautsiz joan da; eta, azkenean, baldintzapeko neurriak urratzea egotzita, asilo politikoa ukatu zioten. Lenin Moreno Ekuadorko presidenteak muga gorri bat igarotzea egotzi zion, besteak beste nazioarteko politikaz aritzeagatik.

Hamar urte baino gehiago dira Assangek sortutako Wikileaks ataria Iraken eta Afganistanen egindako sarraskiei buruzko informazioa zabaltzen hasi zela. Akusazioaren arabera, Chelsea Manning analista estatubatuarra lagundu zuen kazetariak hark AEBetako Espioitza Legea urra zezan, eta informazio klasifikatua lor zezan ondoren bere atarian argitaratzeko. Defentsak ukatu egin du halakorik, eta dio Assangek eta haren taldeak zabaldutako informazioak ez zuela inor arriskuan jarri. Aldiz, Washingtoni leporatzen diote auzi politiko bat abian jarri izana, Wikileaksek militar estatubatuarrek egindako gerra krimenak argitara atera zituelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.