Londresek atzera bota du Julian Assangeren aurkako estradizio eskaria

Epaileak adierazi du AEBek ezin dutela bermatu kazetariak bere buruaz beste egingo ez duenik. Akusazioak 14 eguneko epea du orain helegitea aurkezteko

Assangeren jarraitzaileak, atzo, Londresko auzitegien atarian, epaiaren berri izan ostean. VICKIE FLORES / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Ez dute estraditatuko. Hala erabaki zuen atzo Wikileaksen sortzaile Julian Assangeren auziaz arduratzen den Vanessa Baraitser Erresuma Batuko epaileak, AEBetara eramateak kazetariaren buruko osasun arazoak okerragotuko lituzkeelako. «Assange ikusita izan dudan inpresioa da depresioak jota eta etsita dagoen gizon baten aurrean nagoela, eta etorkizunak ekar liezaiokeenaz beldur dela», adierazi zuen Baraitserrek. Aldiz, epaileak ez zuen argitu Assangeren aurka aurkeztutako salaketak adierazpen eta prentsa askatasuna urratzen ote dituen.

Londresko auzitegien iritziz, AEBen estradizio eskaerak baldintza guztiak betetzen dituen arren, Washingtonek ezingo luke bermatu akusatuak bere buruaz beste egingo ez duenik: «Assangek ez lituzke izango Belmarshko segurtasun handiko espetxeak eskaintzen dizkion segurtasun neurriak, eta AEBek zerrendatutako neurriek ez dute bermatzen hark bere buruaz beste egingo ez duenik».

Estradizio prozedura bertan behera geratu zela baliatuta, Assangeren abokatuek eskatu zuten hura behin-behinean aske uzteko, baina Baraitserrek atzera bota zuen eskaria.

Orain, AEBetako Gobernuak 14 eguneko epea du helegitea aurkezteko: kasu horretan, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak izango luke azken hitza, eta prozedura hainbat hilabetez luzatuko litzateke. Virginiako fiskaltzak (AEB) 175 urteko kartzela zigorra eskatzen du kazetariarentzat, baina Etxe Zuriak zehaztu du horietatik lau eta sei urte artean bete beharko lituzkeela gehienez, zigortua izango balitz. Assangeren abokatuek ohartarazi dute, ordea, horiek Coloradoko segurtasun handiko espetxe batean beteko lituzkeela seguruenik, han bakarturik igaroko lituzkeela eguneko ordu gehienak, eta horrek haren osasuna okertzea eragingo lukeela.

Epaileak erabakia jakinarazi baino lehen, Assangeren bikotekide Stella Morisek ohartarazia zuen AEBen estradizio eskaria onartzeak kolokan jarriko lituzkeela Erresuma Batuko herritarren eskubideak. «Hondamendia litzateke, bai politikoki eta bai legeari dagokionez. Onargarri denaren mugak berridatziko lituzke estradizio eskaria onartzeak. Atzerriko gobernuek kazetarien edo, zergatik ez, Facebookeko erabiltzaileen aurka egin ahal izango lukete argudiatuz euren zentsura legeak urratu dituztela», idatzi zuen Morisek Daily Mail egunkarian.

Erreakzioak

Assangeren aurkako auziak nazioarteko erakunde eta agintarien kritikak jaso ditu, eta haren kontrako estradizio eskaria atzera bota izana garaipentzat jo zuten askok. «Estradizio akordioak ez lirateke erabili behar jazarpen politikoa egiteko», gaitzetsi zuen David Davis diputatu kontserbadoreak. Pozik agertu zen John Pilger dokumentalista ere, bera izan da kazetaria askatzeko kanpaina bultzatu dutenetako bat: «Bikaina da erabakia, baina ez dugu ahaztu behar ebazpena Erresuma Batuaren jarrera lotsagarria estaltzeko modu bat ere badela, Londresek bat egin baitu epaiketa politiko honekin».

Pilger ez zen izan epaiarekin kritiko agertu zen bakarra. Egoitza AEBetan duen Prentsa Askatasunerako Fundazioak kritikatu du epaiak ez duela aipatzen adierazpen askatasuna: «Estradizio eskariari buruzko erabakia ez dute prentsa askatasunean oinarritu; aldiz, epaileak ebatzi duAEBetako espetxe sistema errepresiboegia dela».

Filtrazioak

Badira hamar urte baino gehiago Assangek sortutako Wikileaks ataria Iraken eta Afganistanen egindako sarraskiei buruzko informazioa zabaltzen hasi zela. Akusazioaren arabera, Chelsea Manning analista estatubatuarra lagundu zuen kazetariak hark AEBetako Espioitza Legea urra zezan, eta informazio klasifikatua lor zezan ondoren bere atarian argitaratzeko. Defentsak ukatu egin du halakorik, eta dio Assangek eta haren taldeak zabaldutako informazioak ez zuela inor arriskuan jarri. Aldiz, leporatzen diote Washingtoni auzi politiko bat abian jarri izana, Wikileaksek militar estatubatuarrek egindako gerra krimenak argitara atera zituelako.

Wikileakseko editore Kristinn Hrafnssonek salatu izan du Assangeren aurkako salaketa auzitegietara iritsi izana «adierazpen askatasunaren aurkako eraso larria» dela. «Nazioarteko erakundeei eta gobernuz kanpokoei entzun beharko liekete AEBek. Haiek aspaldian ari dira eskatzen Assangeren aurkako salaketak erretiratu eta auzia ixteko».

Atariaren sortzailea Belmarsh espetxean dago preso 2019an Erresuma Batuko Poliziak Ekuadorren Londresko enbaxadan atxilotu zuenetik, Suedian haren aurka jarritako sexu-abusu salaketekin lotuta salaketak bertan behera geratu ziren gerora. Haren gertukoek salatu dute enbaxadan eta espetxean igaro duen denborak buruko arazoak eragin dizkiola. Haren estradizioari buruzko auzi saioan, medikuek esan zuten Assangek Aspergerren sindromearen sintomak zituela eta espetxean jarraitzeak bere buruaz beste egitera bultza zezakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.