Sanferminetako istiluak

Abaurreak zinegotzi izateari utziko dio, sei hilabeteko zigorra onartu ostean

EH Bilduko Iruñeko zinegotzia 2019ko sanferminetako txupinazoaren istiluen harira epaitu zuten, baina akordioa lortu du akusazioarekin.

Joxe Abaurrea, 2019ko txupinazoan izandako liskarrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
gotzon hermosilla
2021eko abenduaren 10a
13:39
Entzun

Iruñeko 4. Zigor Auzitegiak sei hilabeteko zigor espetxea ezarri dio EH Bilduko Iruñeko zinegotzi Joxe Abaurreari, 2019ko sanferminetako txupinazoan izandako istiluak direla eta. Fiskalak 30 hilabeteko zigorra eskatzen zuen, baina bi aldeek akordioa lortu dute eta, horren ondorioz, zigorra sei hilabetekoa izango da eta Abaurreak ez du espetxera sartu behar izango. Edonola ere, zinegotziak utziko du Iruñeko Udalean duen ardura.

2019ko txupinazoan, udaletxeko balkoian zeuden EH Bilduko zinegotziak ikurrina erakusten saiatu ziren eta, horren ondorioz, liskarra sortu zen zenbait udaltzainekin eta Navarra Sumako zinegotzi Carmen Albarekin. Albak eta udaltzainek salaketa jarri zuten Abaurrearen kontra, eta, horren ondorioz, auzibidea ireki zioten.

Abaurrearen dimisioak ondorioak ekar ditzake Iruñeko Udalean. EH Bilduk iragarri du Garbiñe Bueno izango dela Abaurrearen ordezkoa, baina Iruñeko alkate Enrique Maiak abenduaren 30erako ezarri du 2022ko aurrekontuei buruzko bozketa egiteko bilkura, eta litekeena da ordurako Bueno karguaren jabe ez izatea, legeak agintzen dituen epeak direla eta. Hala balitz, aurrekontuen inguruko bozketan berdinketa gerta liteke, eta Maiak aukera izango luke kalitatezko botoa baliatu eta aurrekontuak onartzeko.

«Oposizioko lehen indarra izanik, EH Bilduren erantzukizuna da aurrekontuak bezalako espediente garrantzitsu batean herritarren gehiengoaren borondatea errespetatzen dela bermatzea», esan du EH Bilduren bozeramaile Joseba Asironek. «Horretarako, ordezkari guztiek bozkatu behar dute. Aurrekontuak ezin dira aurrera atera alkatearen interes alderdikoiak asetzeko».

Asironek esan du lortutako akordio judiziala «aukerarik arrazoizkoena» zela, kontuan hartuta bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen ziotela eta «epaitegi batzuetan EH Bilduko hautetsi izateak dakarren arriskua». Hala ere, iragarri du Abaurreak «EH Bilduren udal taldeari loturik» jarraituko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.