COVID ziurtagiria: galderak eta erantzunak

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak COVID ziurtagiriaren erabilerari buruz izan daitezkeen dudak argitzeko dokumentu bat kaleratu du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ziurtagiria noiz, nola eta non erabili argitzeko gida moduko bat da.

Gizon bat COVID ziurtagiria erakusten jatetxe batean. IDOIA ZABALETA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko abenduaren 13a
18:38
Entzun

EuskoJaurlaritzako Osasun Sailak COVID ziurtagiriari buruzko zalantzak argitzeko dokumentu bat ondu du, neurri horren inguruan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren artean sor daitezkeen zalantzak argitzeko asmoz.

BERRIAk dokumentu horren galdera-erantzunak jaso ditu:

Zer da Europako Batasuneko COVID ziurtagiri digitala?

EBko COVID ziurtagiri digitala QR irakurketa duen dokumentu bat da, Europako Batasunaren barruan herritarren zirkulazio seguruari bide ematen diona COVID-19aren pandemiaren garaian. Dokumentu hori Europako Batasunaren barruan bidaiatzea errazteko ezarri zen. Ziurtagiri hori duten bidaiariei kontrolak arinduko zaizkie, eta ez dutenei, berriz, herrialde bakoitzeko agintariek ezarritako bestelako kontrolak egingo zaizkie, eta, kasuan kasu, dagokion informazioa aurkeztu beharko dute.

Abenduaren 4az geroztik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID ziurtagiri digitala eskatuko da gaueko aisialdiko establezimenduetan eta jatetxeetan sartzeko.

Zer ziurtagiri mota daude?

Hiru ziurtagiri mota daude, hiru pertsona motarentzat:

1) Txertaketa ziurtagiria: dosi batekin edo birekin txertatutakoek eskuratu ahal dute.

2) Osatze ziurtagiria: gaixotasuna pasatu dutenetik 11 eta 180 egun arteko epean PCR positiboa izan dutenek eskuratu ahal dute.

3)Proba negatiboaren ziurtagiria: antigeno proba batean 48 ordu lehenago negatibo eman dutenek eta 72 ordu lehenago PCR proba batean negatibo eman dutenek eskuratu ahal dute.

Nola lortu ziurtagiria?

COVID ziurtagiri digitala bi modutara lor daiteke: modu digitalean edo presentzialean. Informazio zehatza esteka honetan: https://www.euskadi.eus/certificado-covid-digital- ue/web01-a3korona/es/

Zenbateko iraupena du ziurtagiriak?

- Txertaketa ziurtagiria: Urtebete, azken dosiaren egunetik hasita.

- Osatze ziurtagiria: 6 hilabete.

- Diagnostiko proba negatiboaren ziurtagiria: antigeno probarekin, 48 ordu, eta PCR probarekin, 72 ordu.

Non eskatuko da COVID ziurtagiria?

COVID ziurtagiri digitala bi kasutan eskatu ahal izango da. Alde batetik, aisia eta dantza jarduerak eskaintzen dituzten establezimenduetan â€ÂÂÂÂÂ’diskotekak, dantza aretoak, festa aretoak ikuskizunekin, musika tabernak, karaokeakâ€ÂÂÂÂÂ’ eta III. eta IV. multzoan jasotako guztietan. Bestalde, III. multzoan jasotako pub eta taberna berezietan ere eskatu ahal izango da, eta 22:00etatik aurrera. Azkenik, 50 pertsona baino gehiago hartzeko baimena duten jatetxeetan ere eskatuko da.

Nork eskatu beharko du ziurtagiria?

Bai establezimenduaren titularrek, bai Poliziak edonoiz eskatu ahal izango diete establezimenduan dauden bezeroei lokalera sartzeko aurkeztutako dokumentazioa erakusteko.

Nola eta noiz erakutsi behar da ziurtagiria establezimenduetan?

Sartzerakoan zein egonaldian, establezimenduaren titularrak edo poliziek eskatu ondoren. Aurkezteko modua: PDF formatuko dokumentu digital bat izan daiteke, sakelako telefono batean edo beste gailu batean kokatutako QR kode batekin, edo paperekoa, beharrezkoa izanez gero.

Beharrezkoa da NA nortasun agiria edo identifikazio ziurtagiri ofiziala aurkeztea COVID ziurtagiriarekin batera?

Bai.

Eskatuta ere erabiltzaileak ez badu ziurtagiria aurkezten, establezimenduetako titularrak deitu egin behar dio Udaltzaingoari edo Ertzaintzari?

Jabeek, lehenik eta behin, lokalera sartzea galarazi beharko diote ziurtagiria aurkezten ez duenari. Erabiltzaileak ez badu lokalera sartzeko debekua errespetatzen, jabeak Udaltzaingoari edo Ertzaintzari deitu ahal izango dio.

Udaltzaingoa eta Ertzaintza establezimendu horietara joan ahal dira agindua betetzen ari den jakiteko?

Udaltzaingoak edo Ertzaintzak ikuskapenak egin ahal izango ditu establezimendu horietan, agindua betetzen dela egiaztatzeko.

COVID ziurtagiria 50 pertsona baino gehiagorentzako tokia duen jatetxe bateko tabernan eskatu behar da, edo jantoki gisa bakarrik erabiltzen den eremuan?

Ez da tabernetako barran eskatuko. Beraz, jantoki gisa erabiltzen den eremuan eskatuko da bakarrik.

Eusko Jaurlaritzak emango du ziurtagiri digitalaren QR kodea irakurtzeko aplikaziorik?

Ez. Erabilgarriak izan daitezkeen hainbat aplikazio daude martxan Europako hainbat herrialdetan. Aplikazio horiek une oro errespetatu beharko dute datuak babesteari buruzko Espainiako eta Europako legedia.

Txertoa kontraindikatua izan eta COVID txertaketa ziurtagiria eskuratu ezin dutenak nola sar daitezke lokal horietara?

Bi aukera daude establezimendu horietan dokumentazioa aurkezteko. Batetik, COVID-19 proba negatiboaren ziurtagiriarekin: PCR bat edo antigeno proba bat egin dela eta emaitza negatiboa eman duela egiaztatzen duen ziurtagiria da. Bestetik, osatze ziurtagiriarekin: COVID-19a pasatu dela egiaztatzen duen ziurtagiria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.