Lan eskaintza publikoa

Maiatzean hasiko dira Osakidetzako 2018-2019ko LEParen azterketak

Izen ematea urtarrilaren 25ean hasiko da. Epaimahaiak zozketa bidez hautatuko dituzte, eta epaimahaikide bakoitzak erabaki ahal izango du probak egiteko erantzukizuna onartzen duen edo eginkizun hori gaian esperientzia duen kanpoko instantzia bati ematen dion.

Osakidetzaren aurreko LEP bateko azterketa, 2019an. JUANAN RUZ, FOKU
jon ordonez garmendia
2021eko abenduaren 14a
12:13
Entzun

Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratu ditu aldizkari ofizialean Osakidetzako 2018-2019ko Lan Eskaintza Publikoaren oinarri orokorrak. Bi fasetan egingo dute. Lehen faserako izena emateko epea urtarrilaren 25ean irekiko da, eta otsailaren 24ko 14:00ak arte egongo da irekita. Lehen faseko azterketak maiatza eta uztaila bitartean egingo dituzte. Bigarrena, berriz, 2022ko udan izango da. «Laster, informazio gehiago emango da probak egiteko lekuari, egunari eta orduari buruz», gaineratu du Osasun Sailak.

Guztira 3.535 lanpostu eskainiko dira LEP horretan. Lehen fasean, 1.611 lanpostu aterako dira, hemeretzi kategoriatan banatuta. Horien artean egongo dira lehen arretan sortu diren hutsuneak betetzeko eskainiko direnak; esate baterako, 322 familia mediku lanpostu eta 62 pediatriako lanpostu. LEPa aurkeztu zutenean esan zutenez, horren bidez finkatuko diren postuak erretiroa hartu duten langileak ordezkatzeko izango dira; orain propio sortutako postu batzuk ere badaudela esan zuten.

Hauek dira lehen fasean sartuko diren hemeretzi kategoriak: familia medikua, pediatriko medikua, erizaina, lan osasunerako erizaina, osasun mentalerako erizaina, fisioterapeuta, emagina, optika eta optometriako diplomatua, logopediako diplomatua, terapeuta okupazionala, gizarte langilea, anatomia patologikoko teknikari espezialista, audioprotesiko teknikari espezialista, dietetitako teknikari espezialista, osasun dokumentazioko teknikari espezialista, laborategiko teknikari espezialista, erradiodiagnostikoko teknikari espezialista, erradioterapiako teknikari espezialista eta administraria.

Gainerako kategoriak bigarren fasean aterako dira. Osakidetzaren webgunean informazio guztia kontsultatu ahal izateko atal bat gaitu dute, besteak beste, kategoria bakoitzeko gai-zerrenda orokorra eta berezia eta bibliografia.

«Ausazko elementu bat»

Osakidetzak ohar batean adierazi du LEP horren helburua «profesional onenak aukeratua eta talentua erakartzea» dela, eta berme guztiak izango dituela, «berdintasuneko, merezimenduko, gaitasuneko, objektibotasuneko, inpartzialtasuneko, gardentasuneko, arintasuneko eta fidagarritasuneko printzipioei jarraikiz».

Epaimahaia zozketa bidez aukeratuko da eta epaimahaikideek jokabide kode bat onartu beharko dute. Gainera, azterketak egiteko eskuliburu bat izango dute: bakoitzak erabaki ahalko du probak egiteko erantzukizuna onartzen ote duen edo eginkizun hori gaian esperientzia duen kanpoko instantzia bati ematen ote dion.

Aurreko LEP batzuetan izan diren iruzur kasuan ez daitezen errepikatu, modu horretan ausazko elementu bat sartu nahi izan dute LEPean, hautaketa-prozesuan parte hartzen duen inork ez dezan izan probaren amaierako edukiaren berri: «zati praktikoa prestatzea ez da pertsona bakar baten esku geratuko».

Dagoeneko hogei auzipetu daude aurreko oposizioetako irregulartasunen auzian, eta zurrunbilo handia sortu da horren inguruan. 2018ko ekainean hasi zen auzia, eta azaroan Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak dimisioa aurkeztu zuen. 2019ko otsailean jarri zuen fiskaltzak Osakidetzaren aurkako salaketa, eta Jon Darpon Osasun sailburuak dimisioa eman zuen martxoan.

Sindikatuak mesfidati agertu ziren LEPa aurkeztu zutenean. Orduan adierazi zuten iragarritako neurri horiekin ez dela aski aurreko deialdian atzeman ziren «iruzurrak» eragozteko. ELAk ohartarazi zuen «gardentasuna» ez dagoela bermatuta deialdi honekin, eta, gainera, «behin-behinekotasunari» ez diola konponbiderik emango. Sindikatu horrek gogorarazi zuen 24.600 langile ari direla Osakidetzan behin-behineko postuetan. Horietatik, 9.000 langilek zortzi urte baino gehiago daramate egoera horretan, eta lan eskaintza honek ez du arazoa konponduko. Erantsi zuen mahai sektorialeko sindikatuek ez dutela babestu lan eskaintza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.