Hizkuntz eskubideak jomugan

Euskarak luzaroago iraungo du katalanak baino?

Antoni Strubell i Trueta filologoa Euskal Herrian bizi izan da, eta azken hamarkadetan bi herrialdeetan ezarri diren hizkuntza ereduak erkatu ditu, Elnacional.cat hedabidean. Larunbatean egingo dute murgiltze ereduaren aldeko manifestazioa Bartzelonan.

Kameralari bat pintaketa bat grabatzen, joan den ostegunean, Canet de Marren (Katalunia). ALEJANDRO GARCIA / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko abenduaren 14a
12:46
Entzun

«Euskararen eta katalanaren egoera zaila ikusita, zer esanik ez Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren ostean, aztertuko dut nolako hizkuntza ereduak ezarri diren Euskal Herrian eta Katalunian trantsiziotik orain arte». Hala hasi du Antoni Strubell i Trueta filologo eta politikariak gaur Elnacional.cat hedabide digitalean argitaratu duen zutabea. Hizkuntza ereduaren inguruko eztabaida sekula baino biziago dago Katalunian, Gorenak ikastorduen %25 gazteleraz ematera behartu duelako, besteak beste, eta azken urteetan indarra hartu dutelako katalanaren aurkako jarrerek, nagusiki Ciutadans eta Vox alderdiek sustatuta.

Egoerari aurre egiteko, hainbat ekintza eta protesta antolatu dituzte. Manifestazio nagusia larunbatean egingo dute, Bartzelonan, Som Escola plataforma sortu berriak deituta. Hainbat gizarte eta kultur eragilek sortu dute plataforma hori, eta protestak alderdi subiranisten babesa ere izango du; ez, ordea, PSCrena. Han izango da BERRIA ere, eta igandeko egunkariak luze eta sakon landuko du gaia.

Momentuz, ordea, murgiltze eredua amaitu egin da Katalunian. Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin zuen joan den azaroaren 24an Generalitateak iaz aurkezturiko kasazio helegitea, eta, hortaz, Katalunian ikastorduen %25 gazteleraz ematera behartu zuen.

Herri mugimendua

Strubell 25 urtez bizi izan zen Euskal Herrian —Deustuko Unibertsitateko irakaslea izan zen, besteak beste—, eta azpimarratu du hizkuntz eskubideen aldeko herri mugimendua askoz indartsuagoa dela hemen Katalunian baino: «Betidanik pentsatu izan da euskara katalana baino hizkuntza mehatxatuagoa dela, eta, agian horregatik, euskaldunek lan asko egin behar izan dute euren hizkuntza babesteko».

Strubellen arabera, Hego Euskal Herrian murgiltze eredurik ezarri ez denez, ezinbestekoa izan da gurasoak etengabe bultzatzea seme-alabak D ereduan apuntatzera. Euskaldunen mobilizazio gaitasuna izan da horren akuilua, filologoaren iritziz: «Euskal Herrian bizi nintzenean, autobusak ikusten nituen D ereduaren aldeko publizitatearekin, Korrika milaka lagun biltzen, edota ikastolen aldeko jaiak errepideak kolapsatzen. Baita guraso erdaldunak euskaraz ikasten ere, seme-alabei hizkuntza horretan hitz egin ahal izateko».

Horretaz gain, gehitu du euskararen aldeko lan horrek hizkuntzaren aurkakoak zokoratzen zituela: «Ez zen ondo geratzen». Orduan hasi da katalanarekin alderatzen: «Euskarak beti mantendu du irudi atsegin bat. Ustezko inposizioaren kritika samurtzen du gizarteak hizkuntzaren alde duen joerak. Dinamika horri esker eragotzi dute Ciudadanos eta Vox bezalako alderdiak indartzea».

Filologoak goraipatu egin du, beraz, Hego Euskal Herrian egindako bidea: «Batzuek kritikatuko dute euskararen aldeko mugimenduak gehiago duela publizitatetik erabileratik baino, edo esango dute katalanak baino aurkakotasun gutxiago izan duela. Baina errealitatea da euskara aurrera egiten ari dela, D eredua dela nagusi ia lurralde guztietan, eta Vox eta Ciudadanos bezalako gaitzak ia erabat zokoratu dituztela».

Ardura, erakundeen gain

Kataluniako egoera, ordea, erabat ezberdina dela aipatu du, eta katalana atzera egiten ari dela: «Batzuek immigrazioari egozten diote hori, baina, datuei begiratuta, Euskal Herrikoen antzekoak dira». Strubellek arreta jarri du trantsizioaren osteko aroan ezarritako politikekiko konfiantzan: «Politika horiekin nahikoa zen etorkizuna bermatzeko?». Horregatik, katalanaren normalizazioaren ardura instituzioen gain bakarrik uztea okerra izan zela dio: «Argi esan behar dugu: hizkuntza autonomiko batek ez du etorkizunik ez hemen eta ez inon».

Filologoaren iritziz, horri esker ekin diote «katalanaren aurkako gerrari» Albert Rivera eta Ines Arrimadas bezalako politikariek; ez zegoen haiei aurre egingo zion herri mugimendu indartsurik: «Neofalangistek hainbat mendetako joera katalanofoboa berreskuratu zuten; ezbaian jarri zuten trantsizioaren ostean katalanak gizartean lortutako onarpena». Prozesu horretan Espainiako hedabideek izan duten jokabidea gaitzetsi du Strubellek: «Haiek egin zuten ospetsu Rivera, eta haiek ari dira Caneteko mobilizazioa kriminalizatzen».

Joan den ostiralean ehunka ikaslek eta senidek Canet de Marreko (Katalunia) ikastetxe batean egindako mobilizazioari buruz ari da Strubell. Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren aurka egin zuten protesta. Ikastetxe hartan, 5 urteko ume baten gurasoek eskatu zuten haurrak ikastorduen erdiak gutxienez gazteleraz jasotzea, eta kasua ospetsu egin dute hainbat hedabidek: familiak jazarpena eta mehatxuak jasan dituela salatu dute.

Bizirik iraun

Eragileei dagokienez, Strubellek onartu du azken urteetan nabarmen hazi direla Omnium Cultural eta Plataforma Per la Llengua, baina esan du berandu iritsi direla, «dagoeneko aukera gutxi baitituzte erdaldun elebakarren artean eragiteko».

«Prozesu hobetan guztian txarrena da katalanoi eragin digula azkenean. Gainera, ez dugu erantzuteko gaitasunik, harrigarria iruditzen zaigulako katalanaren alde borrokatu behar izatea». Gogor kritikatu du katalana normalizatzeko ardura guztia utzi izana hezkuntza sistemaren eta erakunde publikoen gain: «Ez dugu ikusi zer zetorkigun gainera».

Hala amaitu du: «Ez dakit euskarak luzaroago iraungo duen katalanak baino. Seguru dakit, ordea, azkar erreakzionatzen ez badugu gure hizkuntza galduko dugula, irlandarrek eta okzitaniarrek bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.