Bertsolaritza

Zabalik ikusten dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala

Urtebeteko atzerapenarekin heldu da finala, pandemiaren eraginez, eta, onartu dutenez, horrek «arrarotu» egiten du guztia. Saioa 17:00etan hasiko da, larunbatean, Bilbo Arenan.

Larunbateko finalean kantuan arituko diren zortzi bertsolariak gaur Bilbon. ARITZ LOIOLA/ FOKU
Inigo Astiz
2021eko abenduaren 14a
13:38
Entzun

Zehazki, 30,75 urte ditu aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalak. Jone Uria Albizuri bertsolari eta matematikariak egin du kalkulua: larunbatean Bilbo Arenan kantuan arituko diren zortzi bertsolarien adina kontuan hartu, eta hori da batezbestekoa. Izan zitekeen urtebete gazteagoa ere, baina pandemiaren eraginez, antolatzaileek eten behar izan zuten iaz hasitako txapelketa, eta, ondorioz, orain egin behar izan dute finala. «Gaitza» izan da hori Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale elkarteko lehendakariak onartu duenez: «Antolatzen eta desantolatzen ibili gara, baina, oztopoak oztopo, lortu dugu». 17:00etan hasiko dira kantuan Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Etxahun Lekue Etxebarria, Gorka Pagonabarraga Agorria, Nerea Ibarzabal Salegi, Onintza Enbeita Maguregi, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Uria bera, eta iluntzean jakingo da txapeldunaren adina. Eta, noski, izen-abizenak.

Onintza Enbeitak onartu duenez, urtebeteko atzerapenak «arrarotu» egin du guztia. «Sentsazio hori airean dago». Bera izan zen pandemia aurreko azken txapelketako irabazlea, eta txapela bigarrenez janzteko aukera izango du zapatuan. Horregatik, umorera jotzeko baliatu du aukera. «Pertsonalki horrela hobe niretzat», erdi irribarrez, maskarapean. «Edozer gertatu daiteke zapatuan, eta nik urtebete gehiagoz eduki dut txapela, eta, orduan, bi aldiz egin dut historia: txapela irabazi duen lehen emakumea ni izan naiz, eta txapela hiru urtean eduki duen lehenengoa ere izan naiz».

Dena hutsetik hasita

Enbeitak berak erabat zabalik deskribatu du finaleko saioa. «Hemen berdin du noiz hasi zinen bertsotan, zer irabazi edo galdu zenuen: hemen 17:00etan dena hasten da hutsetik». Enbeitak, esaterako, aurten ez du finalerako txartel zuzenik jaso, finalaurreko fasean ez baitzuen lehen posturik lortu, eta saio guztietako puntuazioen zain egon behar izan du larunbatean kantuan arituko zen jakiteko. Onartu duenez, ordea, ona da izen berriak agertzea. Umorez berriro ere azalpena: «Beteranoak izatea tokatzen zaigu, eta niri txapelarena baino gehiago kostatzen zait hori asumitzea, finaleko zaharrenak garelako, diferentziagaz. Hori ona da Bizkaiko bertsolaritzarentzat». Esperientziak finalari aurre egiteko bestelako «arma emozional» batzuk ere ematen dituela gehitu du.

Etxahun Lekuek ere faborito argirik gabe ikusten du finala. Bigarren txapela janzteko aukera du hark ere zapatuan, 2016an irabazi baitzuen lehena. «Txapel bat edukitzeak ez du ezer esan nahi; nik nahiko zabal ikusten dut finala». Saio on bat espero duela ere esan du. «Ni bat gehiago sentitzen naiz. Gustura sentitzen naiz zortzikote honetan».

Lehen finalaren ilusioa

Kontrastean, Aitor Etxebarriazarragak eta Gorka Pagonabarragak lehen finala izango dute. «Sorpresa» eta «ilusioa» aipatu dituzte biek. Etxebarriazarraga: «Niretzat, bertsolari moduan neure burua onartzeko modu bat da izan da finala. Bertso eskola barik hasi nuen ibilbidea, 22 urtegaz, eta neure burua baloratzeko arrazoi on bat da Miribillan bertsotan egiteko aukera izatea beti bertsolari moduan ikusi dudan jendearekin». Eta gogotsu Pagonabarraga ere: «Sustotxoa ere hartu nuen. Ez dut esango ez nuenik amesten final batekin, baina inondik inora ez nuen uste etorriko zenik».

Bizkarrak bigarren finala izango du, eta pozik dago bera ere. «Lehenengoa garrantzitsua izan zen, eta berezia. Ez dakit hau ere beste modu batean garrantzitsua eta berezia izango den. Aurreko finalean esan nuen etorri nintzela zutik eustera saioari, eta oraingoan pentsatzen dut gorputzaldi onean natorrela, tentsioagaz eta gogoz, baina ez, behintzat, lotuta eta ikaratuta»».

Presioa apalduta

Pandemiaren ondorioz, Uriari bigarren planoan geratu zaio finalari buruzko kezka. Seigarren finala izango du, eta zamarik gabe aritu nahi duela azaldu du. «Presioa ematen du final askotan kantatu izanak, baina nik pentsatzen dut ibilbide bat badudala, zer demostraturik ez dut sentitzen, eta saiatuko naiz ahalik eta ondoenq kantatzen, gustura sentitzen, eta etorri behar bada, etorriko da».

Xabat Galletebeitiak finala egitea bera nabarmendu du, eta bertan egon ahal izatea. «Finalera pasatu ostean, sekulako lasaitasuna daukat; balio handia ematen diot finalean egoteari, baina ez naiz konformatzen horregaz bakarrik: disfrutatu nahi dut, eta sufritu ere bai, sufrimendu ona delako bizi duguna».

Emozio edulkoratuak eta leherketa

Nerea Ibartzabalek ere leherketa bat irudikatu du zapatuan. «Azken urteetan, gure emozioak apur bat edulkoratuak izan dira, eta imajinatzea zapatuan sentituko dugun dena berriro, ba, kristorena da, eta espero dut disfrutatzea». Hirugarren finala izango du aurtengoa, eta horregatik egin du gogoeta hori. «Txapelketak bizkor zahartzen gaitu denak. Bizkor bihurtzen zara beterano, eta laster zaude leku arduratsuago batean. Eta nahi nuke hor eutsi, urteetako ibilbidea daukaten beste hainbeste bertsolari dauden bezala, hor eutsi diotenak. Amaitzen denean hasierako eferbeszentzia horri eusten jakitea, hor egoten jakitea».

Talde lanaren ikur

Bizkaiko Bertsozale elkarteko lehendakari Olabarriak ere txapelketaren garrantzia nabarmendu du: «Bertsolaritzaren erakusleihoa da». Urte osoko lana gogorarazi du, eta baita talde lan handia ere. Eskertu egin ditu gai jartzaileak, epaileak, bertso eskolak eta baita ekitaldietan lanerako izena ematen duten boluntarioak ere. Eta, hain justu, talde lan horren ikurtzat aurkeztu ditu aurten txapeldunari txapela jarriko dioten bi bertsozaleak ere: Moises Enbeita eta Joseba Etxebarria.

«Ohore bat da», azaldu du Enbeitak. Eta antzera Etxebarriak ere: «Poz ikaragarria hartu nuen». Eta berehala egin dute oharra. «Proposamena jasotzean, talde baten ordezkari ginela izan zen burura etorri zitzaigun lehen gauza», Etxebarriak, eta Enbeitak segida: «Bestela ez genukeen onartuko».

Aireztatzea

Finalera garraio publikoz joateko deia egin diete antolatzaileek zaleei. Maskara jantzita eduki beharko dela gogorarazi dute, eta aretoa hainbatetan aireztatuko dutela, saioak iraun bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.