Lan gatazkak

Alestiseko langileek espero dute iazko 85 kaleratzeak indargabetuko dituela Auzitegi Gorenak

Bihar hasiko dira epaitzen enplegu erregulazioari jarritako helegitea, Madrilen. Konpainia handiek eskariak egin dizkietela eta, gogorarazi dute hegazkingintza sektorea lehengoratzen hasia dela.

Langileek agerraldia egin dute gaur goizean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO/FOKU
aitor biain
2021eko abenduaren 14a
13:56
Entzun

Litekeena da Alestis hegazkingintza osagaien enpresako lan gatazka datozen egunetan amaitzea, Espainiako Auzitegi Gorenak erabakiko baitu kaleratzeak legezkoak izan ziren edo ez. Bihar dira helegitea aztertzen hastekoak, Madrilen. Urtebete da Miñaoko Teknologia Parkeko lantegian (Araba) 85 langile kaleratu zituztela, eta, Auzitegi Nazionalak ontzat jo bazituen ere, langile batzordeak uste du kaleratzeak «arrazoi objektiborik gabe» egin zirela, eta osasun egoera koiunturala baliatu zela Gasteizko planta «desegiteko».

Langile batzordeak gogorarazi du Gorenaren epaia bereziki garrantzitsua izango dela, irizpideak finkatuko dituelako eta jurisprudentzia sortuko duelako sektoreko gainerako kasuetarako, hala nola Aernnova eta ITPren kasuetarako. Langileek aldeko epaia jasotzea espero dute, eta kaleratutako langile guztiak lanera itzultzeko eskatu dute. Gainontzean, ohartarazi dute langileek banakako helegiteak jarriko dituztela, uste dutelako enpresak «gehiegikeriaz» jokatu zuela eta ez zituela bete erregulazio txostenean ezarritako izendapen irizpideak.

Edonola ere, ikusi beharko da emaitza zen den; izan ere, Alestisek Gasteizen duen plantako langileek erregulazioaren aurka bozkatu bazuten ere, negoziazioa Espainiako plantako ordezkariekin batera izan zen, eta CCOO eta UGT sindikatuen babesa jaso zuen zuzendaritzaren erabakiak. Horrek, bada, balantzak alde batera edo bestera egitea eragin dezake.

Eskariak gora
Gasteizko langileen ordezkariek adierazi dute hegazkingintza sektorea «leheneratze prozesuan» dagoela gaur egun, Airbus, Boeing, Embraer eta halako konpainia handiak eskariak egiten hasiak direlako. «Airbusen eskaera irmoak 7.000 hegazkin baino gehiagokoak dira, eta gainerako enpresenek ere gorantz jarraitzen dute», adierazi dute.

Horregatik, bestelako neurriak hartu zitezkeela gogorarazi dute: «Behin-behineko arazo baten aurrean ezin zen egiturazko neurririk aplikatu; egoeraren araberako beste neurri batzuk har zitezkeen, hala nola lanaldi murrizketak, aldi baterako erregulazioak eta abar».

Batzordearen arabera, gainera, Gasteizko plantak egun dituen langileak ez dira aski jasotzen ari diren eskariei aurre egiteko, eta beldur dira lan hori beste lantegi batzuetara eramango ote duten. Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote lanpostuak defendatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.