Kontsumo prezioak

Inflazio tasa %5,2an, azaroan ere

Urrian bezala, azaroan kontsumo gaien prezioek %5,2ko igoera izan dute iazko urtearen aldean. Argindarra, garraioa eta elikagaiak izan dira eragile nagusiak KPI kontsumo prezioen indizearen gorakadan.

Erregaien ondorioz, garraio prezioak iazko azaroan baino %13 inguru garestiagoak dira orain Hego Euskal Herrian. MARIAM A. MONTESINOS / EFE
Irune Lasa - Iker Aranburu
2021eko abenduaren 15a
10:25
Entzun

Espero zen eta gertatu da: inflazioak goian jarraitu du azaroan Hego Euskal Herrian, %5,2an, batik bat argindarraren, erregaien eta elikagaien prezioen gorakadaren ondorioz. Halako igoera soilik behin ikusi da mende honetan, 2008ko udan —%5,2 2008ko uztailean—, petrolioaren gorakadak inflazioaren sukarra bat-batean igo zuenetik; orduan berehala jaitsi zen, Lehman Brothersen porrotak Atzeraldi Handiari atea ireki ziolako, eta harekin inflazio txikiaren eta inflazio negatiboaren aro luze bat zabaldu zuelako.

Hilabeteko epean, hots, urritik azarora, argindarra, gasa, ura eta etxebizitzako beste gastuen prezioa apaldu egin da oro har, baina aldea oso handia da iazko azaroarekiko —%17 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %19,8 Nafarroan—. Argindarraren prezioa hilabeteko epean jaitsi egin da, bi arrazoi direla medio: handizkako merkatuan prezioek oso goian baina egonkor jarraitu dute —hori da tarifa arautuetan erabiltzen dena—, baina Espainiako Gobernuak zergak txikitu ditu, eta deskontua handitu die bonu soziala jasotzen dutenei —%25etik %60ra—.

Hain zuzen ere, Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak iragarri du gaur goizean gutxienez beste lau hilabetez luzatuko dutela zergen jaitsiera. Horrenbestez, argindarraren BEZak %10ean jarraituko du apirilaren 30era arte, %0,5ean geratuko da argindar zerga berezia (kontsumitzaileek ordaintzen dute), eta etenda segituko du argindar ekoizpenaren zergak (konpainiek ordaintzen dute).

Gasaren prezioaren igoerak, ordea, ez du atsedenik eman, eta, ondorioz, berogailuetarako gasaren salneurriak gora egin du.

Garraioa da inflazio tasa esanguratsua duen beste alor bat, azaro honetan erregaiak garestitu egin direlako eta, aldiz, iazko azaroan horien prezioa jaitsi egin zelako. Iazkoekin alderatuta, garraioko prezioak %13 inguru handiagoak izan dira azaroan.

Elikagaiak ere, garestiago

Kontsumo saskian pisu handia duen beste alor batean ere, elikagaietan eta alkoholik gabeko edarietan, prezioen igoera esanguratsua pilatu da azken urtean: iazko azarotik %2,6ko igoera izan du indizeak alor horretan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %3,4ko igoera Nafarroan.

Argindarraren eta erregaien garestitzeak badu eragina elikagaien prezioetan, argindar garestiagoak ekoizpenaren kostua handitu ohi duelako, eta gasolio garestiagoak elikagaien garraioa garestitzen duelako.

Azken hilean nabarmen garestitu dira ardikia (%4,5), arraina (%3,4 EAEn) eta behikia (%2,4). Azken urtean, berriz, olioa (%21), ardikia (%15), eta arrautzak (%6).

Negoziazio kolektiboa

Herritarren patriketan ez ezik, negoziazio kolektiboan ere eragin handia izango du inflazio handiak. Izan ere, hitzarmen gehienetan aurreko urteko KPIa hartzen da erreferentzia gisa, eta, hortaz, aurtengo gorakada handia ez lukete datorren urtera arte berreskuratuko. Eta hor sor daiteke arazo bat datorren urteko negoziazio kolektiboan, enpresa eta sektore askotan soldaten igoera handi baterako erresistentzia handiak egon daitezkeelako. Adegik aholkatu die bere bazkideei 2021eko inflazio handiaren eragina bi urtean banatzeko, edota, bestela, urteko batez besteko inflazioa aplikatzeko —hau da, urte arteko %5etik gorakoaren ordez, %2,5 ingurukoa ezartzeko—.

Asmo horien aurka mintzatu dira sindikatuak. «Hitzartuta dagoena errespetatuko den ala ez, hori da kontua. Euskal Herrian KPIa da erreferentzia historikoa. Ez dugu onartuko sinatuta dagoena errespetatzea ez den beste ezer. Soldatak ez dira arazoa, soluzioa baizik», azaldu zion Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiakBERRIAri. LAB sindikatuak ere oso garbi nabarmendu du KPIa dela erreferentzia, eta lan itun berriak egiteko negoziazioetan ere hura izango dutela eskaera.

Pentsioak %2,5 dira igotzekoak, hori baita urteko batez besteko inflazioa Espainian, eta aurrerantzean aldagai hori erabiliko dutelako urtero pentsioak eguneratzeko. Soldata publikoak, berriz, %2 handituko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.