Lan erreforma

Euskal lan itunek lehentasuna izango lukete, baina ez eduki guztietan

Lan erreformaren akordioa espero da aurki, Madrilen. Espainiako Gobernuak lehentasuna kendu nahi dio enpresa itunari .

Nadia Calviño eta Yolanda Diaz ministroak, Espainiako Kongresuan. JAVIER LIZON / EFE
xabier martin
2021eko abenduaren 15a
18:45
Entzun

Espainiako Gobernuak azeleragailuari eragin dio lan erreformaren inguruan eragileek akordioa egin dezaten aste honetan edo hurrenean. Joan den astetik egunero ari dira negoziatzen CCOO eta UGT sindikatuak eta CEOE patronala, Yolanda Diaz Lan ministroarekin batera. Hiru aldeko akordioak bidea zabalik du gaur-gaurkoz, eragileen adierazpenen arabera, baina azken egunetan oso gutxi jakin da negoziazioen edukien inguruan; beharbada, ituna oso gertu dagoen seinale.

Azken orduan jakin den apurra negoziazio kolektiboari dagokio, eta milaka euskal langileri zuzen-zuzenean eragiten dien eduki garrantzitsua du hizpide: Sanchezen gobernuak herrialdeko sektoreko hitzarmenei eman nahi die berriro lehentasuna, eta horrek esan nahiko luke Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lan hitzarmenetan adostutakoak arautuko lituzkeela euskal langileen baldintzak. Bai behintzat soldatari eta lanaldiari dagokienez, beste zenbait eduki Espainia osoko sektoreko itunek finkatuko lituzkete eta.

Eta letra txiki horrek badu garrantzia; izan ere, Madrilgo gobernuak mahairatu duen eredua aurrera aterako balitz, Euskal Herritik kanpo hitzartutako akordioek arautuko lituzkete soldata eta lanaldiaz besteko zenbait eduki: esaterako, kontratazio motak, mailaketa profesionala, diziplina arautegia eta lan arriskuen prebentzioa.

Lanbide arteko euskal esparru akordioa

PPren lan erreformak (2012) enpresako itunei ematen die nagusitasuna, eta, haiek ez daudenean, Espainia osoko sektoreko itunei. Hori dela eta, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta Confebaskek Lanbide arteko euskal esparru akordioa egin zuten 2017ko urtarrilean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektoreko hitzarmenak aplikatzeko, haiek indarrean daudenean behintzat. Itun hori ez dute begi onez ikusten ez CEOEk ezta Madrilen egoitza nagusia duten sindikatuek ere, CCOOk eta UGTk, nahiz eta haien euskal adarrek sinatu duten. FEADRS patronalak (CEOEko kide) eta CCOOk eta UGTk epaitegira eraman zuten itun hori, baina gaur arte indarrean da.

Sindikatu abertzaleek ohartarazi dute azken asteetan lan erreformak areagotu egin dezakeela estatalizazioaren prozesua, euskal eragileei negoziatzeko eskuduntza gehiago kenduta. ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak BERRIAri azaldu dio berriki espero dutela Sanchezen gobernuak esku artean izango lukeen eredua: «Gerta daiteke erreformak estatuko itunak lehenestea, argi, edota edukien arabera erabakitzea prebalentziak: soldatak, ordutegia eta abar. Zer sektore itunetan eta zer edukitan ezarriko dituzten lehentasunak, hori da gakoa hemen».

ELAk eta LABek euskal negoziazio kolektiboari eraso egingo dion lan erreformarik ez onartzeko eskatu diete kalean EAJri eta EH Bilduri. Greba orokorraren aukera baztertu den arren, alderdi horiek jaso dute mezua, eta estu hartzen ari dira Madrilen, herrialdeko sektorekoak izan daitezen lehentasunezkoak. Diaz ministroak aurrez aurre dituen eragileak, ordea, ez dira itunen prebalentziak modu horretan ezartzearen aldekoak, batez ere CEOE. Beretzat gorde nahiko lituzkete zenbait eduki CCOOk eta UGTk ere, eta sindikatu abertzaleak negoziazioaren jokotik atera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.