Literatura

bell hooks idazle eta militante feminista hil da

Arrazari, generoari eta klaseari buruzko hainbat eztabaida landu zituen bere saiakeretan. Etxean hil da, gaixorik zela, 69 urterekin.

bell hooks idazle eta militante feminista, artxiboko argazki batean. CMONGIRL / WIKIMEDIA
2021eko abenduaren 15a
20:32
Entzun

Gloria Jean Watkins izena zuen sortzez, eta bell hooks ezizenez egin zen ezaguna (horrela, txikiz); birramonaren izenarekin sinatu zituen literatura lanak, letra xehez. Hopkinsville hirian jaio zen (Kentucky, AEB), 1952an, eta haren karrerak oihartzun handia izan zuen nazioartean. Idazlea, militante feminista, irakaslea eta ekintzaile soziala izan zen. Gaur hil da, Bereako bere etxean (Kentucky, AEB), gaixotasun baten ondorioz. 69 urte zituen.

Zapalkuntza eta esplotazioa landu zituen bere obra zabalean, 40 liburutan baino gehiagotan, intersekzionalitatearen ikuspegitik, elkar gurutzatzen diren hiru sistematan sakonduta: arraza, generoa eta klasea.

1981an argitaratu zuen estreinako liburua: Ain't I a Woman? Black Women and Feminism (Ez al naiz emakumea? Emakume beltzak eta feminismoa). Saiakera idatzi zuen batez ere, baina baita poesia eta haur literatura ere. Feminismotik idatzi zuen historiaz, arteaz, sexualitateaz eta hedabideez, besteak beste.

Katakrak argitaletxeak bell hooksen Feminismoa denon kontua da. Politika pasio saiakera euskaratu zuen 2019an, «feminismoaren mapa bat», aurkezpenean esan zutenez. Amaia Apalauzak egin zuen itzulpena, eta Mari Luz Estebanek idatzi zuen hitzaurrea: «Iraganetik ikasteko ausardia izan eta gure garaia aurreratzeko aukerak irudikatzea. Hori da bell hooksek liburu honetan proposatzen diguna, eraberritze lanari etenik gabe ekiten dion feminismo baten alde eginez, zeinean emakumeak ez ezik gizonak eta umeak ere aske izan daitezkeen», azaldu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.