Lan gatazkak

700 euroko isuna ertzain baten ezkutuarekin «talka» egin zuelako

PCB ITP Aeroko langileek salatu dute urte hasierako grebaldiko protestetako isunak jasotzen ari direla, eta ia 5.000 euro direla guztira. Jaurlaritzaren jarrera salatu dute beste behin.

ITPko langile batek jasotako isunean ageri den salaketaren deskribapena. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko abenduaren 16a
13:50
Entzun

PCB ITP Aerok Barakaldon (Bizkaia) duen plantako langile bati 700 euroko isuna jarri diote, besteak beste ertzain baten ezkutuarekin «talka» egin zuelako. Isuna urtarrilekoa da, ITP Aeroko langileak kaleratzeak eragozteko greban zeudenekoa, eta horrela ageri da Ertzaintzak eginiko ustezko delituaren deskribapenean. Isunean, horrez gain, ageri da langileak ez zuela errespetatu segurtasun lerroa, eta gaztelaniazko hainbat irain egozten dizkio. Langileak, aldiz, esan du salaketaren deskribapenak ez duela zentzurik, eta egun hartan Ertzaintzako agenteek jo zutela bera ezkutuarekin. Isun hori, hain zuzen, langileei eta langile batzordeko kideei grebaldiko protestetako ekintzengatik jarri dizkieten zigorretako bat da. Hainbat jarri dizkietela salatu dute, eta guztira iaz 5.000 euro direla.

Langileen ustez, Ertzaintzaren isunak «barregarriak» dira, eta agenteek «inpunitate osoz» jardun zutela berresten dute. Gogoan hartu dute urte hasierako grebaldian ertzainek «modu basatian» jipoitu zituztela ITPko langileak, eta, besteak beste, sudurra hautsi ziotela Javi Gomez CCOOko Industria arduradunari. Era berean, nabarmendu dute enpresako zuzendaritzak helegitea jarri diola Zigor Azpiolea langilearen aurkako salaketari. Zuzendaritzako kide baten autoa jotzeagatik salatu zuten, baina Barakaldoko epaitegiko epaile batek ebatzi zuen ez zegoela hura epaitzeko frogarik. Enpresak helegitea jarri dio.

Urtebete igaro da ITP Aeroren fundizioko zuzendaritzak enplegua erregulatzeko espediente bat abian jarri zuenetik. Gero etorri zen negoziazio epea, grebaldia, eta EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena. Hark ebatzi zuen 83 kaleratzeak bidegabeak zirela eta enpresak berriz onartu behar zituela. Langile horiek, baina, ezin dira lantegian sartu, eta uztailaz geroztik etxean daude soldata osoa jasotzen. Zuzendaritzak helegitea jarri zion ebazpenari, eta Espainiako Auzitegi Gorenak askatuko du korapiloa. Epaileen arrazoia eman zieten langileei, eta isunak orain ageri dira. Langileen ustez Jaurlaritzaren eta patronalaren arteko estrategia koordinatua dago ekintza sindikala gaitzesteko.

Bien bitartean, berronarturiko 83 langileek etxean jarraitu dute. Langile batzordeko kideak Jaurlaritzako Enplegu Sailarekin bildu ziren duela hilabete, eta ez dute erantzunik jaso. Hark egin zituen langileen eta zuzendaritzaren arteko artekari lanak Tubacexeko lan gatazkan. SPRIrekin ere bildutakoak dira, eta eskatu zioten ITPn akzioak erosteko negoziazioan langile horien eskubidea mahai gainean jartzeko. «Esan ziguten ezin zutela baldintzatu negoziazioa; oso goiz zela eta operazioa arriskuan jar zitekeela», azaldu du batzordeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.