Hilberria

Antton Troitiño euskal preso ohia zendu da

Otsailaren 5ean utzi zuten baldintzapean aske, «eritasun larri eta sendaezin» baten ondorioz eta ia bizialdi osoa kartzelan egin ondotik. 64 urte zituen.

Anton Troitiño. DANIEL LEAL-OLIVAS, EFE
maddi ane txoperena iribarren
2021eko abenduaren 17a
16:27
Entzun

30 urte zituela atxilotu zuten, eta ordutik ia bizitza osoa pasatu du kartzelari lotuta. 2020ko apirilean sumatu zituen eritasunaren lehen sintomak, eta aurten utzi dute aske, otsailaren 5ean. Ezin izan dio luzaroan eutsi, ordea. Antton Troitiño euskal preso ohia gaur zendu da, 64 urte zituela.

Palentziako Tariego de Cerrato herrian jaio zen Troitiño, Espainian, eta ETArekin lotuta atxilotu zuten, 1987an. 24 urte baino gehiago egin zituen kartzelan orduan. 2011n atera zen, zigor osoa beteta, baina handik egun gutxira atxilotu nahi izan zuten berriro, Parot doktrina aplikatuta. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalaren zenbaketa berriaren arabera, 2017ra arte behar zuen preso.

2012an Londresen atzeman zuten —egunkariak banatzen lan egiten zuen han—, eta, «oker burokratiko batengatik» behar baino lehenago kaleratu zutela iritzita, fiskaltzak hura atxilotzeko eta estraditatzeko galdegin zuen. Hamabost hilabete geroago, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak indargabetu egin zuen Parot doktrina, eta Westminsterko Auzitegiak atzera bota zuen estradizio eskaera. Ondotik, ordea, akusazioko argudioak aldatu, eta ETAn berriro sartzea leporatu zion Espainiak. 2016ko abenduan atxilotu zuten berriro ere Londresen, eta paperik gabekoentzako atxilotze zentro batean egon zen, auzibide gorabeheratsu baten ondotik, harik eta 2017ko maiatzean Espainiaratu zuten arte. Sei urteko zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, 2018an. Estremerako espetxean egin zituen azken hilabeteak (Madril), eritasunagatik baldintzapean aske utzi zuten arte.

Eritasun «larria»

2020ko apirilean sumatu zituen Troitiñok eritasunaren lehen sintomak, eta Etxerat euskal presoen senideen elkarteak salatu zuen ez zutela ongi artatu. Elkartearen arabera, Estremerako espetxean ez dago mediku nahikorik, eta bakartze moduluetatik ez dira astero pasatzen, «legeak hala dioen arren». Etxerat-ek salatu zuen Troitiñok irailera arte ez zuela «behar bezala zuzendutako asistentziarik» jaso: hau da, lehen sintomak sumatu eta bortz hilabete pasatu arte. Abokatuak urriaren 27an eskatu zuen aske uzteko.

Ez zuten berehala askatu, alta. Izan ere, epaileek eskaera onartu arren, prozedura ia hilabetez luzatu zen. Urtarrilaren 11n sinatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak Antton Troitiñori hirugarren gradua emateko autoa, eta urtarrilaren 22an irmo egin zuten ebazpena. Ondoren, ordea, Espainiako Espetxe Erakundeek eskatu zuten baldintzapean aske uzteko: Espainiako Auzitegi Nazionalak urtarrilaren 26an onartu zuen baldintzapean aske uztea, eta fiskalak helegitea jartzeko aukera izan zuen azken egunera arte itxaron zuten ebazpen hori ere irmo egiteko. «Labirinto burokratikoa» salatu zuen Etxerat-ek, aldaketek luzatu baino ez zutelako egin larriki eri zen euskal presoa askatzeko eguna: otsailaren 5ean atera zen, azkenean.

Tartean, gainera, euskal presoak uko egin zion haren eritasunarentzat «aringarria» zen kimioterapia hartzeari. Etxerat-ek salatu zuenez, izan ere, hartu behar zuen tratamendua ez zen «bideragarria» espetxeko baldintzekin: «Baldintza desegoki eta gogorretan dago presoa: ordu eta erdiko ibilbidea egin behar du ospitalera joateko, eta beste horrenbeste bueltatzeko, ez du dieta egokirik hartzen, eta medikazio falta du».

Troitiño ez zegoen gaixotasun larriak dituzten euskal presoen zerrendan, baina Etxerat-ek hainbatetan salatu izan du euskal presoen eritasunen «jatorria» espetxean jasandako «muturreko baldintzak» eta euskal presoek jasaten dituzten zigor luzeak direla. Troitiñoren kasua horixe zen, ia bizialdi osoa pasatu baitzuen preso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.