Euskara

Bidania-Goiatz, Elduain, Ibarra eta Idiazabal Uemari batu zaizkio

Gipuzkoako lau udalerriekin,  94 kidek osatzen dute orain mankomunitatea.

Uemak batzarra egin du gaur Idiazabalen. JON URBE/ FOKU
2021eko abenduaren 18a
12:54
Entzun

Urte amaierako batzar nagusia egin du Uemak gaur goizean Idiazabalen (Gipuzkoa), eta Gipuzkoako lau udalerri berrik mankomunitatera gehitzeko egindako eskaerak onartu dituzte batzarkideek. Horrela, gaurtik aurrera, Bidania-Goiatz, Elduain, Ibarra eta Idiazabal ere Uemako kide dira. Lau udalerri berriekin, 94 kidek osatzen dute orain mankomunitatea.

Gaurko batzarrean Uema osatzen duten udalerri euskaldunetako alkateak eta zinegotziak bildu dira, eta, besteak beste, 2021ean egindakoaren balantzea aztertu eta 2022rako egitasmo nagusiak onartu dituzte. Aurtengo balantzeari dagokionez, egindako zenbait lan nabarmendu dituzte: arnasguneen garrantzia jendarteratzeko udaberrian egindako Arnasa Gara kanpaina, euskararen kale erabilera neurtzeko egindako ikerketa, herritarren kontzientziazioan sakontzeko hezkuntza proiektua irakasleei eta gurasoei zabaldu izana, hizkuntza irizpideak lantzeko herrietako eragileekin egindako saioak, edota kontzientziazioan eragiteko erdaldunentzat bideratutako tailerrak, besteak beste.

2022rako egitasmoen artean, berriz, hurrengo hilabeteotako lanerako ildo nabarmenenak onartu dituzte. Lau ildo nagusi finkatu dituzte: udalerri euskaldunen lurgunea osatzea, udalen eta udalerrien euskalduntzea, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea, eta udalerri euskaldunen zaintza eta garapena.

 


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.