Asteazkenean egingo dute erkidegoen arteko bilera izurriaren aurkako neurriak adosteko

Pedro Sanchezek adierazpen instituzional bat egin du, bilkura telematikoaren berri emateko. Pandemiari aurre egiteko baliabiderik eraginkorrena txertoa dela azpimarratu du.

Pedro Sanchez, joan den ostiralean egin zuen agerraldi batean. CHEMA MOYA / EFE
Edurne Begiristain - Paulo Ostolaza
2021eko abenduaren 18a
15:30
Entzun

Pedro Sanchez Espaniako Gobernuko presidenteak premiazko bilera telematiko batera deitu ditu erkidegoetako presidenteak datorren asteazken arratsalderako, koronabirusaren goraldia aztertzeko eta neurri berriak adosteko. Bilerak «gobernantza partekatua eta elkarlan instituzionala» sustatzea izango du helburu, Sanchezek berak gaur Bartzelonan egin duen agerraldian azaldu duenez.

Minutu gutxi iraun du agerraldiak. Azaldu du noiz izango den bilkura, eta egoera labur errepasatu du: aitortu du kezkagarriak direla intzidentzia tasak, baina gehitu du ospitaleratuen datuak iazkoak baino hobeak direla. Azpimarratu du pandemiari aurre egiteko baliabiderik onena txertoa dela, eta eskerrak eman dizkie herritarrei «erakusten ari diren jarreragatik»: «Zientziaren laguntzarekin soilik egin ahal izango diogu aurre pandemiari».

Ez du azaldu zein izango diren asteazkenean aztertuko dituzten «neurri laguntzaileak». Esan du bileraren helburua dela egoera denen artean aztertzea, eta neurri egokiak zein izan daitezkeen eztabaidatzea. Azkenik, herritarrei «lasaitasun eta konfiantza mezu bat» helaraziz amaitu du.

Urkulluren gutuna

Atzo, lehenik, Moncloak eman zuen bilera horren berri. Handik gutxira, Lehendakaritzako iturriek jakinarazi zuten Iñigo Urkullu lehendakariak atzo goizean eskatu ziola Sanchezi, gutun bidez, premiazko batzar horretara deitzeko. Eskutitz horren pasarte batzuk bidali zizkien Lehendakaritzak komunikabideei, eta, bertan irakur daitekeenez, egoera epidemiologikoarekin «kezkatuta» agertu da Urkullu. Txertaketa prozesuan erritmo onean doala gogoratu du lehendakariak, baina, hala ere, «orain arte ezagutu gabeko» intzidentzia tasa dagoela nabarmendu du. Horren ondorioz ospitaleetako presioa eta lehen arretako egoera «gero eta kezkagarriagoa» dela iritzi dio. Osasun profesionalek jasaten duten nekea ere kezkarako zio dela azpimarratu du.

Hala, gutunean Urkulluk Sanchezi adierazi dio birusaren zabalkundea eragozteko modurik egokiena ez dela erkidego bakoitzak bere tresnen araberako neurriak hartzea. Uste du beharrezkoa dela lehenbailehen deitzea erkidegoetako presidenteen eta osasun arduradunen arteko bilera telematiko batera. Haren iritziz, bilera horretan egon beharko lukete Espainiako Gobernuko presidenteak, Espainiako Osasun ministroak, erkidegoetako presidenteek, erkidego bakoitzeko osasun sailburuak eta osasun publikoko arduradunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.