Musika

Non Servium, The Baboon Show, Pleura eta beste izango dira 26. Hatortxu Rocken

Udako elkartasun jaialdian parte hartuko duten lehen taldeak iragarri dituzte antolatzaileek. Stay Homas, ETS, Rotten XIII, Green Valley eta Herdoil ere horien artean daude.

2917ko Hatortxu Rock jaialdia, Lakuntzan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Berria
2021eko abenduaren 18a
16:00
Entzun

Pandemiaren ondorioz hartutako neurriek eta egoeraren ziurgabetasunak ezindu egin dute Hatortxu Rock jaialdia ohi bezala egitea, iaz bezala, aurten ere. Gaur ziren egitekoak egun osoko jaialdia, baina azaroaren amaieran jakinarazi zuten bertan behera uzteko erabakia. Ordutik udako "aldi bereziaren" prestaketan murgilduta daudela esan dute. Uztailaren 29an eta 30ean izango da, Atarrabian (Nafarroa), eta bertan ariko diren lehen taldeak jakinarazi dituzte: ostiralean, hilaren 29an, The Baboon Show, ETS eta Pleurak joko dute; eta biharamunean, Stay Homas, Rotten XIII, Herdoil eta Green Valleyk. Ez dira bakarrak izango, ordea. "Datozen hilabeteetan beste asko batuko dira elkartasun jaialdi honetara", adierazi dute, ohar bidez.

26. Hatortxu Rockerako lehen izenak iragartzearekin batera, eguneko sarrerak ere eskuragai jarri dituzte antolatzaileek euren webgunean. Bi eguneko bonua duela aste batzuk jarri zuten salgai, 55 eurotan, eta 30 eurotan jarri dute orain egunekoa.

Azkenean bertan behera utzitako jaialdirako sarrera erosia zutenei dirua itzultzeko lanetan ari direla ere jakinarazi dute. Eskariak kudeatzen ari direla adierazi dute, eta dirua datozen egunetan itzuliko dietela. Herritar ugarik, ordea, uko egin diote sarreren dirua bueltan jasotzeari, eta esker bereziak eman dizkiete haiei. "Zuei esker, aurten Hatortxuk ez du galerarik izango eta, beste urte batzuetako tamainakoa ez den arren, dispertsioak eragiten dituen gastuak leuntzeko ekarpen bat egiteko moduan egongo gara", eskertu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.