LAN ESKAINTZAK

Jaurlaritzak 4.000 lanpostu publiko inguruko eskaintza onartu du urte honetarako

Horietako 1.856 hezkuntza arlokoak dira, 1.273 Osakidetzakoak, 435 administrazio orokorrekoak, eta 424 Ertzaintzakoak.

Eusko Jaurlaritzaren lan eskaintza publiko baten azterketak, BECen, 2018an. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jon olano
2021eko abenduaren 21a
15:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza administrazioaren 2021erako enplegu publikoaren eskaintza. Horietako 1.856 hezkuntza arlokoak dira, 1.273 Osakidetzakoak, 435 administrazio orokorrekoak, eta 424 Ertzaintzakoak.

«Eusko Jaurlaritzak konpromiso irmoa du behin-behinekotasuna murrizteko, eta, ildo horretan, datorren urtetik aurrera hainbat egonkortze prozesu jarriko dira abian Euskal Administrazioko sektore guztietan», azaldu du Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak. Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen kasuan, «ahalik eta lasterren» jarriko dira martxan. Datorren urtearen hasieran, administrazio orokorrerako eta haren erakunde autonomoetarako lanpostuen lehen deialdi bat egiteko modua egongo da, 1.400 plaza baino gehiagokoa. Horietatik 1.017, hain zuzen, 2017, 2018 eta 2019. urteei dagozkie, eta sindikatuekin negoziatzeko daude.

Zupiriaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren enplegua «egonkortzeko politikak betetzea da» proposamenaren helburua, eta enplegu publikoko postu gisa sartu dira 4.000 postu horiek 2020-2024 aldirako ekonomia eta enplegua suspertzeko Berpiztu programan. Hortik aurrera, datorren urtean sektore bakoitzean deialdiak egingo dira, eta horietan zehaztuko dira eskainitako plazak eskuratzeko prozedura eta baldintzak, eta baita desgaitasunen bat dutenentzat gordetako lanpostuen banaketa ere.

Hezkuntza administrazioari dagokionez, 1.216 lanpostuko enplegu eskaintza publikoa onartu da hainbat irakasle kidegorentzat, eta baita 640 lanpostuko konpromisoa hartzen duten hainbat lan kategoriarentzat ere; guztira, 1.856 plaza eskaini dira hezkuntzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.