Israelek laugarren dosia jarriko die 60 urtetik gorakoei eta osasun langileei

Bigarren eta hirugarren dosiaren arteko tartea bost hilabetetik hirura murriztea aholkatu du Tel Avivek. Omikron aldaeraren kasuak laukoiztu egin dira astebetean munduan.

Langile bat koronabirus probak biltzen, Jerusalemen. ATEF SAFADI, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 22a
11:13
Entzun

Hirugarren dosia hartua dute dagoeneko Israelgo herritar gehienek —hura izan zen oroitzapen dosia banatu zuen lehen estatua—, baina gobernuko aholkulari taldeak dagoeneko esan du laugarrena ere hartu beharko luketela 60 urtetik gorakoek eta osasun langileek. Neurria atzo gauean iragarri zuen Tel Avivek, baina Osasun Ministerioaren onespena beharko luke oraindik.

Bestelako neurriak ere iragarri zituen aholkulari taldeak: besteak beste, merkataritza gune handietan pertsona bakarra egotea hamabost metro koadroko tarte bakoitzean, eta bi dosiak jasoak dituztela frogatzea ehun metro koadro baino handiagoak diren lokaletara sartu nahi dutenek. Langileei ere eskatuko zaie txertaketa ziurtagiria merkataritza gune handietan. Jatetxe eta tabernetan, berriz, debekatuta egongo da barruan jan edo edatea. Oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzten guneetan, aldiz, ez dute ziurtagiririk eskatuko, baina edukiera mugatua izango dute. Horrez gain, langile publikoek etxetik lan egingo dute igandetik aurrera, hilabetez.

Omikron aldaerari aurre egiteko hartu dituzte neurriok Israelen. Izan ere, OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, aldaera berriaren kasuak laukoiztu egin dira azken astean munduan: 14.000 kasu atzeman dituzte azken zazpi egunetan. Hala ere, datuok ez dira zehatzak. Izan ere, soilik 40 kasutik bat aztertzen da laborategietan; beraz, ezin liteke jakin ziur zenbat diren zehazki omikron aldaeraz kutsatutakoak. Oraingoz, adituek diote aldaera berriak ez dituela sintoma larriagoak eragiten, baina hura nagusitzen hasia den herrialdeetan, Erresuma Batuan eta Hegoafrikan kasurako, erietxeen gaineko presioak nabarmen egin du gora.

Mundu osoan ari dira murrizketak gogortzen, batez ere neguko oporrei begira. Finlandiak, esaterako, iragarri du tabernek gaueko bederatzietan utzi beharko diotela alkohola saltzeari Gabonetan, eta ordubete beranduago itxi beharko dituztela ateak. Neurriak gogortu egingo dituzte Urtezahar egunaren bezperan; orduan, tabernek arratsaldeko bostetan utzi beharko diote alkohola saltzeari, eta seietan itxi beharko dituzte ateak. Gehiago ere badira antzeko neurriak iragarri dituztenak. Alemaniak, adibidez, taldeetan bildu daitekeen jende kopurua mugatuko du: gehienez ere, hamar lagun elkartu ahal izango dira, txertatuta dauden herritarrak eta gaitza gainditu dutenak barne.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.