Albistea entzun

Enpresak

PAI Partners funtsak Uvesco taldea erosi du

Kapitalaren gehiengoa eskuratu du, eta haren esku geratuko da BM eta Super Amara supermerkatuen kudeaketa.

BM supermerkatu bat, Arrasaten (Gipuzkoa)
BM supermerkatu bat, Arrasaten (Gipuzkoa) Andoni Canellada/FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2021eko abenduak 22 09:07

Europako PAI Partners inbertsio funtsak Uvesco taldearen kapitalaren gehiengoa eskuratu du. BM eta Super Amara supermerkatu katearen akzio gehienak erosi ditu, eta, ondorioz, haren kontrolpean geratuko da kudeaketa. Zabaltzen eta hazten jarraitzeko prozesu batean sartuta dago Irungo banaketa enpresa azken urteetan, eta plan hori «babestu» nahi du funtsak horrela. Ohar bidez eman dute operazioaren berri, gaur goizean. PAI Partners funtsak Angulas Aguinaga enpresa ere erosi zuen iaz; kapital gehiena eskuratu zuen orduan ere.

Oraingoz ez dute esan zenbat ordaindu dien inbertsio funtsak Gipuzkoako banaketa enpresaren jabeei. Adierazi dute, ordea, egungo akziodunek enpresaren partaidetzari eutsiko diotela, gutxiengoan bada ere. Gainera, oraingo zuzendaritza taldeari eusteko nahia ere agertu dute, eta azpimarratu dute enpresaren egoitza eta bulegoek Gipuzkoan jarraituko dutela.

1993an sortu zen Uvesco, Irungo Unialco eta Kantabriako Ves batu zirenean. Azken urteetan gehien hedatu den katea da, Mercadonarekin batera. Izan ere, pandemiak jokaleku berri bat ireki die supermerkatuei, eta hazteko modua ahalbidetu die. Uvescok ia laurden bat handitu zituen salmentak iaz: 954 milioi euroko fakturazioa lortu zuen, 2019an baino %23 handiagoa. Gainera, nabarmen hazi da azken hamarkadan, ia bikoiztu egin baitu merkatu kuota.

Bada, enpresak adierazi duenez, PAI Partnersen parte hartzearekin azken urteetan martxan jarritako hedapen plana indartuko du Uvescok, denda eta frankizia berriak zabalduz, nola Euskal Herrian, hala Espainian; eta «txikizkako elikadura merkatu zatikatuan» sor daitezkeen aukerak baliatuz, esaterako, beste enpresa batzuekin elkartuz edota horiek erosiz.

Izan ere, bada denbora Uvesco taldea Hego Euskal Herritik Espainia inguruko lurraldeetara hedatzen hasi zela, Errioxara eta Kantabriara lehenik, eta Madrilera gero. Irungo banaketa taldea 2017an hedatu zen Madrilgo erkidegoko iparraldean, Gigante katea erosita. Eta eremu horretan gehiago hazteko aukera ikusten du Uvescok.

Hala adierazi du Jose Ramon Fernandez de Barrena Uvescoko zuzendari nagusiak: «Espainiako merkatuak hazteko potentzial handia du, eta PAIrekin lan egitea espero dugu, aurrean ditugun proiektu ugariak martxan jartzeko». Pozik azaldu da Fernandez de Barrena, eta eskerrak eman dizkie enpresa taldeko langileei, bezeroei eta hornitzaileei, «proiektuarekiko erakutsi duten babesagatik eta konpromisoagatik».

Enpresaren indargunea, edonola ere, Euskal Herrian bertan dago. Ehun denda ditu Bizkaian, 56 Gipuzkoan, 24 Nafarroan, eta zazpi Araban: 187 saltoki denera. Eroskiren atzetik, hark du bezero gehien —%20ko merkatu kuota du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta zertxobait txikiagoa Nafarroan—. Espainian ditu gainerako dendak: 25 ditu Kantabrian, bost Errioxan, 22 Madrilen, eta bi Avilan. Guztira, 5.600 langile inguru ditu enpresak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Turistak Donostiako Parte Zaharrean, udan. ©JUAN HERRERO / EFE

Turismoa oso urruti dago oraindik pandemia aurreko datuetatik

Xabier Martin

2021. urteak datu hobeak utzi ditu pandemiaren gordina pilatu zuen urteak baino, 2020ak baino, baina, turista kopuruei dagokienez, heren bat baino gehiago galdu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoak 2019arekin alderatuta.

Lanbideren bulego bat, Donostian ©Juan Carlos Ruiz (Foku)

Langabezia pandemia aurreko mailatik gertu dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Jokin Sagarzazu

Ekonomiaren supertzeak eragin du pertsona gehiagok lan bilaketan hastea. Iazko azken hiruhilekoan pixka bat okertu ziren datuak, COVID-19aren aldaerek eragindako murrizketengatik.

<b>EAJko presidente Andoni Ortuzar eta CEOEko presidente Antonio Garamendi.</b> ©LUIS TEJIDO / EFE

CEOE ala ohiko bazkideak, Madrilek horietako bat aukeratu beharko du

Xabier Martin

EAJk berretsi du erreformari ezezkoa emango diola ez bada lan itunen lehentasuna aldatzen. Ortuzarrek patronalari egotzi dio blokeo egoera

 ©JAGOBA MANTEROLA/ FOKU

«Ez dugu zerua ukitu, baina enpresariak ere ez dira kontent»

Joxerra Senar

Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak nabarmendu du 2012ko lan erreformako puntu nagusiak eraldatu dituztela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.