Libia

Libiako presidentetzarako bozak hilabete atzeratzea proposatu dute

Presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia zuten egitekoa ostiralean, baina Hauteskunde Batzorde Nazionalak desegin egin ditu bozak gainbegiratzeaz arduratu behar zuten taldeak, hautagaien behin betiko zerrenda onartu aurretik. Hamar urte dira Libian ez dutela hauteskunderik egiten.

Libiako lehen ministro Abdul Hamid Dbeibah, bere hautagaitzaren berri eman zuenean, azaro amaieran. EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 22a
12:28
Entzun

Oraindik iragarpen ofizialik egin ez duten arren, bertan behera geratu dira etzi Libian egitekoak zituzten presidentetzarako hauteskundeak. Azken egunetan, zurrumurrua indartuz joan da, eta atzo gauean Hauteskunde Batzorde Nazionalak ohar bat plazaratu zuen esanez desegintzat ematen zituztela bozak eta hautagaien zerrendak gainbegiratzeaz arduratzen ziren taldeak, nahiz eta hautagaien zerrenda ofizialak oraindik onartu gabe egon. Gaur, berriz, Libiako Parlamentuak bozak antolatzeko izendatutako batzordeko buruak iragarri du «ezinezkoa» izango dela ostiralean hauteskundeak egitea.

«Aditu tekniko eta juridikoekin hitz egin eta segurtasun arduradunei galdetu ostean, ezinezkotzat jotzen dugu abenduaren 24rako deitutako bozak egitea», esan du gaur goizean parlamentuko batzordeko buruak, eta horiek urtarrilaren 24an egitea proposatu du. Azken erabakia legebiltzarrari dagokion arren, hark ez du oraindik ezer esan. Libiako bertako komunikabideek iradoki dute «errudun» baten bila ari direla atzeratzea ofizialki iragarri ahal izateko. Zenbaitek aurreratu dute ostiralerako ere ez dutela ofizial egingo bozak bertan behera geratu direla, eta bozkalekuak itxita mantentzera mugatuko direla, inork ez duelako bere gain hartu nahi bozak atzeratu izana.

2011n Muammar Gaddafi kargutik kendu zutenetik ez dute hauteskunderik egin Libian. Hilabeteetako negoziazioak eta nazioarteko presio handia behar izan zen abenduaren 24ko data adosteko, eta, beraz, hori bertan behera geratzeak nabarmen utziko du herrialdean gobernu berri bat bultzatzen duen nazioarteko koalizioaren porrota. NBE Nazio Batuen Erakundea izan da hauteskundeak sustatu dituen eragile nagusietako bat, baina horiek egiteko arauen gaineko adostasunik gabe, eta hautagaiak zehazteko eztabaiden ondorioz, ezerezean geratu dira haren nahiak.

NBEren Libiarako misioko arduradunek kezka agertu zuten atzo, hainbat miliziak Tripoli hegoalderako sarrera-irteerak oztopatu zituztelako errepideetan barrikadak jarriz. Tankeak eta hainbat kamioi militar ikusten ziren sare sozialen bidez zabaldutako irudietan. «Talde batzuetako miliziek hiriaren hegoaldea hartu izanak handitu egiten du tentsioa, baita liskarrak lehertuko diren beldurra ere», ohartarazi zuen misioko arduradunak, ohar batean. Azkenean ez zen borrokarik izan, baina hiriburuko eskolak eta unibertsitatea itxi egin zituzten, badaezpada.

Indarrak batzen

Presidentetzarako bozetako hautagaietako batzuk indarrak batzeko ahaleginetan hasiak dira. Ekialdeko eskualdea kontrolpean duen buruzagi militarrarekin, Khalifa Haftarrekin bildu ziren atzo Fathi Bashagha Barne ministro ohia eta Ahmed Maiteeq lehen ministro aritutakoa. Hirurek aurkeztu zuten hautagaitza etzi egitekoak ziren bozetarako, eta, bileran hitz egindakoei buruzko informaziorik zabaldu ez den arren, haien gertuko iturriek esan dute «batzeko aukeraz» aritu zirela.

Benghazin bildu ziren hiru hautagaiak ez datoz bat Abdul Hamid Dbeibahrekin, zeinak nazioartearen babesa duen eta behin-behineko gobernuburu den. Hark, kargurako aukeratu zutenean, esan zuen ez zela aurkeztuko hurrengo bozetara, baina duela aste batzuk iragarri zuen bere hautagaitza. Haren aurkariek diote ez dela legezkoa, agintean egoteak aukera ematen diolako kargua bere mesedetan baliatzeko. Baina beste hautagaiei ere kritika ugari egin dizkiete. Haftar bera ez da gustukoa nazioartearentzat, 2019an hiriburuaren aurkako hamalau hilabeteko erasoaldia bultzatu zuelako, eta hala Tripoliren zati handi bat suntsitu. Babes gehien dituzten hautagaietan hirugarrena, berriz, Gaddafiren seme bat da, Saif al-Islam Gaddafi. Haren hautagaitzak haserrea eragin du 2011n haren aitaren kontra borrokatu zirenen artean. Gaddafiren aurkakoek gogorarazi dute Tripoliko auzitegi batek heriotzara zigortu zuela 2015ean, gerra krimenengatik.

Kondena hori tarteko, Gaddafiren hautagaitza debekatu egin zuen Libiako Hauteskunde Batzordeak azaroan, eta, hasieran ontzat jo zuen arren Haftarren hautagaitza, baliorik gabe utzi zuen Zawiyako Helegite Auzitegiak. Tripoliko auzitegi batek legezkoa zela ebatzi zuen abendu hasieran. Hain justu, hautagaitzen gaineko helegite prozesuak «mugarri arriskutsua» ezarri du hauteskundeetarako bidean, batzordearen esanetan. Salatu du hauteskunde legedia «desegokia» delako sortu dela egoera hori. «Kalte egin dio batzordeak bere erabakiak babesteko duen eskubideari, eta ziurgabetasuna eragin du». Auzibideetan diren helegiteen gaineko azken erabakiaren zain jarraitzen du batzordeak.

Hauteskunde legeak Libiako Gobernuaren eta parlamentuaren arteko mesfidantza areagotu du, abian den bake prozesua kinka larrian jartzeraino. Parlamentuak hauteskunde lege berria onartu zuen irailean, gobernuak ganberara bidali zuen legea baztertuta, Tripoliren testuak ezinezko egiten zuelako Haftar bozetara aurkeztea. Horrez gain, parlamentuak zentsura mozio bat onartu zuen Dbeibahren kontra, eta gobernuak zilegitasun oro ukatu zion ganberari, bakerako itun politikoa urratzea egotzita.

Libian, gerran etsaituta egon dira Tripolin egoitza duen gobernua —NBEren babesa izan duena— eta herrialdeko parlamentua —Tobruken du egoitza, Haftarren kontrolpeko eremuan—. 2014ko hauteskundeen ostean lehertu zen bi erakundeen arteko krisia, eta iazko urrian su-etena adostu zuten, nazioarteak sustatutako bake prozesu batean. Martxoan eratu zuten behin-behineko batasun gobernua, herrialdean presidentetzarako eta parlamenturako bozak antolatzeko ardurarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.