Frankismoko krimenak

Argentinako justiziak atzera bota du Martin Villaren auzipetzea

German Rodriguezen hilketarekin eta Gasteizko sarraskiarekin lotuta auzipetu zuen Maria Servini epaileak urrian. Kasua irekita mantenduko dute Argentinan, ikerketaren emaitzen zain.

Martin Villa, artxiboko irudi batean. SANTI DONAIRE / EFE
2021eko abenduaren 23a
19:28
Entzun

Rodolfo Martin Villaren aurka Argentinan irekita dagoen auzibidea eten egin dute. Espainiako ministro ohia auzipetu egin zuen Maria Servini epaileak urrian, baina orain, apelazio auzitegi batek erabaki du prozesamendua baliogabetzea; hala ere, ez du kasua artxibatuko.

Francisco Francoren diktaduran eta ondorengo urteetan kargu ugari izan zituen Martin Villak Espainiako Gobernuan. 1976 eta 1979 bitartean, Gobernazio ministroa izan zen, eta garai hartan segurtasun indarrek izandako jardun bortitzaren ardura egotzi izan diote. Hain justu, gizateriaren aurkako delituengatik auzipetu zuen Servinik, lau hilketaren erantzule izan zelakoan: 1978ko sanferminetan German Rodriguezen hilketarena, eta 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskian hiru langileren hilketarena —ondorengo egunetan beste bi lagun zendu ziren, baina horiei buruzko ikerketa zabalik utzi zuen Servinik—.

Martin Villak helegitea jarri zion erabaki hari, eta tramitera onartu zuen Argentinako Ganbera Kriminal Federalak; auzitegi horretako bigarren aretoak gaur eman duen ebazpenaren arabera, «ez dago frogarik, ez zuzenekorik ez zeharkakorik, ezta zantzurik ere» ministro ohiari egotzitako delituen inguruan. Batetik, epaileek adierazi dute Servinik akats bat egin zuela kalifikazio juridikoan, ez dutelako frogatutzat jotzen Gasteizko eta Iruñeko hilketak gizateriaren aurkako delitu izan zirenik —justizia unibertsalaren arabera jarduteko izendatu zituen hala Servinik—.

Ganberak erantsi du instrukzioan ez dela nahikoa froga aurkeztu baieztatzeko «botere aparatu» bat zegoenik Martin Villaren esanetara, eta «biztanleria zibilaren aurkako plan orokortu eta sistematiko» bat zutenik garai hartan. Ondorioz, epaileek diote ezin dela ministro ohia krimenon egiletzat jo. Hala, Argentinako magistratuek uste dute ministro ohia auzipetzeko «nahikoa arrazoirik» ez dagoela, baina ezta ere auzibidea artxibatzeko; «ikerketaren emaitzen zain» geratuko da ganbera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.