Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak eman du haren heriotzaren berri, eta adierazi du "nazio mailako beste dolu bat" dela. Duela ia hilabete ospitaleratu egin zuten, infekzio baten ondorioz. Azken urteotan hainbat aldiz ospitaleratu behar izan dute prostatako minbiziaren eraginez izan dituen infekzioen ondorioz.
Hegoafrikako artzapezpiku emeritu eta Bakearen Nobel sariduna zen, eta apartheidaren aurkako borrokaren sinbolo handienetako bat izan da urte luzez. 1984. urtean jaso zuen Bakearen Nobel sari ezaguna, bide horretan egin zuen lana eskertu eta goraipatzeko. Beste hainbat aitortza eta sari ere jasoak ditu, afrikarren eskubideen alde egin duen lan guztiagatik.
2010. urtean baztertu zen fokuen aurretik, baina geroztik ere askotariko gaiak jorratzen jarraitu du.
Elkartasuna Euskal Herriarekin
Euskal Herrian ere egin zuen ekarpena artzapezpikuak. 2014ko martxoan, adibidez, txalotu egin zuen arma guztiak erabilera operatibotik kanpo jartzeko ETAk hartutako erabakia, eta hori azaltzen zuen idazki bat ere argitaratu zuen. Halaber, Arnaldo Otegi aske uztea eta euskal presoak sakabanatu eta urruntzeko politika amaitzea eskatu zuen jendaurrean. Bruselako Adierazpenaren sinatzaileetako bat ere izan zen.
Euskal Herrira ere iritsi da haren heriotzaren samina, eta zenbait ordezkari politikok eta eragilek hizpide izan dituzte haren heriotza eta Euskal Herriari eman ziona; besteak beste, Arkaitz Rodriguez eta Arnaldo Otegi politikariek.
“Egoera bidegabeetan neutrala bazara, zapaltzailearen aldea aukeratu duzu”.
— Arkaitz Rodriguez Torres (@arkarodriguez) December 26, 2021
Agur eta ohore, Desmond Tutu! pic.twitter.com/tERtXkP0is
Gaur, Desmond Tutu bakearen nobelak, lider espiritualak, apartheidaren aurkako aktibistak eta giza eskubideen defendatzaileak utzi gaitu. Euskal Herriko bake prozesua babestu zuen, presoentzako konponbideak eskatu zituen eta #FreeOtegi kanpainan parte hartu zuen. Eskerrik asko. pic.twitter.com/NeAw5OHtCK
— Arnaldo Otegi 🔻 (@ArnaldoOtegi) December 26, 2021
Fermin Muguruza musikariak ere penaz hartu du Tuturen heriotza, eta 1985. urtean Kortatu taldearekin batera eskaini zion kantuaren inguruan hitz egin du. Desmond Dub izena du abestiak, eta, musikariak sareetan adierazi duenez, haren borrokari eskainia da. Hala kontatu du: "Agur eta ohore, Desmond Tutu. Brian Currini eginiko agindua ezin izango dut bete, Desmonden aurrean kantua abestu eta oker geundela gure kritiketan esan, baina Brianek mezua helarazi zion, esanez bere borrokari eskainia ere bazela".
[Youtube]https://www.youtube.com/watch?v=j4qhMx2-1ug[/Youtube]