Astebetean ia 10.000 positibo atzeman dituzte Nafarroan

Osasunbideak eta Osakidetzak 5.363 kasu inguru detektatu zituen atzo, eta intzidentzia metatua 2.000tik gorakoa da Hego Euskal Herrian

jarraia207721.jpg
Ion Orzaiz.
2021eko abenduaren 27a
11:02
Entzun

Omikron aldaerak goitik behera aldatu du izurriari begiratzeko modua. Birusa oldarturik dago oraindik Hego Euskal Herrian, eta, Gabonetako ospakizunek datuetan izanen duten eragina aintzat hartu gabe ere, goranzkoa ikusgarria da. Atzo, beste 5.363 positibo atzeman zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak Hegoaldeko lau herrialdeetan. Guztira, 21.050 PCR eta antigeno proba diagnostiko egin dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; hortaz, positibo tasa %25,4 da orain. Horren guztiaren ondorioz, 14 eguneko intzidentzia metatua ere harrotuta dago: 2.000 kasutik gora 100.000 biztanleko. Izurriaren lehen olatuaz geroztik izan den handiena.

Irakurri gehiago: Koronabirusaren bilakaera Euskal Herrian.

Nafarroan, egunetik egunera eman dituzte transmisioari buruzko datuak. Eusko Jaurlaritzak, berriz, aurreko egunetako datuen aurrerapena baizik ez du eman. Nafarroan, 1.100 kasu inguru atzeman zituzten atzo. Eguberri egunean, 1.196 positibo izan ziren, eta bezperan, 2.036. Nafarroan lehen olatuaz geroztik erregistratutako daturik makurrenak dira. Eguberriko aste osoko datuak zenbatuta, are argiago antzeman daiteke seigarren olatuaren tamaina: 9.900 positibotik gora, abenduaren 20 eta 26 artean. Aurreko astean baino %121 positibo gehiago.

Ospitaleen egoerari dagokionez, 501 paziente daude COVID-19ak jota erietxeratuta, eta 136, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, larri. Nafarroako Gobernuak, gainera, bi heriotzaren berri eman du. Nafarroan, 16 pertsona hil dira koronabirusak jota azken 11 egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.