Antigeno probak supermerkatuetan erosten ahalko dira Ipar Euskal Herrian

Frantziako Gobernuak erabakitako salbuespen neurria urtarrilaren 31 arte izanen da indarrean.

Neska bat autodiagnostikorako antigeno proba batekin. QUIQUE GARCIA / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko abenduaren 28a
10:56
Entzun

Frantziako Gobernuak autodiagnostikoak egiteko antigeno probak saltzea baimendu die supermerkatuei, gaur argitaratu duen aldizkari ofizialean. «Salbuespen neurria» izanen dela zehaztu dute, eta abenduaren 31 arte iraunen du neurriak. Orain arte, farmazietan baizik ez ziren erosten ahal, baina hornikuntza arazo handiak gertatu dira azken asteetan, eta leku anitzetan ia ezinezkoa zen probarik aurkitzea. «Hornitze eta saltze zirkuituak emendatzea» da gobernuaren xedea, aldizkari ofizialeko erabakiaren arabera.

Frantziako Osasun eta Defentsa Kontseilua eta Ministroen Kontseilua bildu ziren herenegun, eta neurri berriak iragarri zituzten omikron aldaerak eragindako olatuari aurre egiteko, baina ez zuten aipatu antigeno testen hedatzea. Hauek dira zerrendatutako neurriak: osasun ziurtagiria moldatuko dute, eta txertoaren ziurtagiria bilakatuko da; telelana nahitaezkoa izanen da ondoko hiru asteetan; eta garraioetako eta asialdi eremuetako baldintzak zorroztu dituzte. Txertatzea «zalutzeko» borondate irmoa ere erakutsi zuen Jean Castex Frantziako lehen ministroak.

Saltegi handien eskaera bat zen testak saltzeko aukera edukitzea. Twitter sare sozialean zabaldutako mezu batean, neurria txalotu du Michel-Edouard Leclerc E. Leclerc supermerkatuen nagusiak, eta segurtatu du ez dutela irabazirik aterako testen salmentatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.