AEBek hamarretik bostera murriztu dute birusarekin kutsatu ondotik bakartuta egin beharreko egun kopurua

Neurrian eginiko aldaketak asintomatikoei eraginen die. Etxe Zuriko ordezkariek nabarmendu dutenez, COVID-19aren omikron aldaeraren berezitasunak direla-eta hartu dute erabakia.

Herritar bat metroan maskara jantzirik, AEBetan. JUSTIN LANE, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abenduaren 28a
13:01
Entzun

Omikron aldaera hedatu izanak ezinbestean aldatu du izurriteari begiratzeko modua, zenbait herrialdek hartutako erabakiek agerian utzi dutenez. Hainbat adituren ustetan, aldaera horren berezko ezaugarriek bide ematen dute zenbait neurri moldatzeko, eta baita, zenbaiten iritziz, batzuk leuntzeko ere. Hala dela iritzita, urrats aski handia egin dute berriki Ameriketako Estatu Batuek. Etxe Zuriak iragarri duenez, hemendik aitzina orain arte baino txikiagoa izanen da birusarekin kutsatua egonik konfinatuta bete beharreko aldia. Erdira murriztu dute, zehazki: hamar eguneko itxialdia bete beharra zegoen orain arte; hemendik aurrera, bost egunez egon beharko da bakarturik.

Joe Biden AEBetako presidenteak egin zuen aldaketaren gaineko proposamena aurrena, Antoni Fauci Etxe Zuriko epidemiologoen buruak lagunduta. Argudiatu zutenez, adituen babesa izandakoan emanen zuten epeak murrizteko pausoa. Azkenik, erdietsi dute onespena, eta orain heldu da, beraz, neurriaren iragarpena.

Gaixotasun infekziosoen prebentzio eta kontrolerako AEBetako zentroak argudiatu du omikron aldaerak aski desberdintasun dituela aurreko aldaerekin konparatuz gero. Azaldu dutenez, datuek erakutsi dute omikrona zabaltzen errazago ari dela, baina eraginak ez dira hain larriak. Gainera, zehaztu dute kutsatze gehienak infekzioaren hasieran gertatzen direla; sintomak azaldu ondoko lehenbiziko eta bigarren egunean, edo bizpahiru egunen ondoren. Horregatik, gobernuak esan du konfinamenduak bost egun iraungo duela. Halere, argitu dute ondoko bost egunetan ezinbestekoa dela prebentzio neurriak zorrotz betetzea, karrikara aterata ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.