Alderdi politikoak

Anduezak uste du «sozialisten norabidea» nabaria dela Jaurlaritzaren jardueran

Eusko Legebiltzarrean Autogobernu Batzordea berraktibatzea  «ez da lehentasuna» sozialistentzat

Eneko Andueza, gaurko agerraldian. BERRIA
gotzon hermosilla
2021eko abenduaren 29a
12:28
Entzun

Urtea bukatzearekin batera, haren balantzea eta egoera politikoaren azterketa egin du Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak. Baikor agertu da Andueza hedabideen aurrean: esan duenez,«tunelaren amaieran argia» ikusten hasiak dira, enplegua pandemiaren aurreko mailetara iristen ari da, kontsumoa berpiztu da, eta Europatik etortzekoak diren diru funtsak heltzen hasi dira. Horretan guztian sozialisten eragina ikusten du Anduezak: «Frogatu dugu gauden tokietan sozialistok gure aztarna uzten dugula».

Eusko Jaurlaritzaren jardueran ere«norabide sozialista» hori nabaria dela uste du Anduezak:«Sozialisten ekarpena gure esku dauden hiru sailetatik harago doa», eta 2022ko aurrekontuak aipatu ditu horren adibidetzat:«Aurrekontuak inoizko sozialenak dira; hamar eurotik zortzi gastu sozialera bideratuta daude, eta hor ere sozialisten norabidea dago». Esan duenez, lan egingo dute«berpizkundearen garaian ere norabide sozialista» ezartzeko.

Bestelako gaiak ere jorratu ditu Anduezak. Espainiako Kongresuan tramitatuko den Lan Erreformari dagokionez, esan du lortutako akordioa«oso ona» dela, eta esperantza agertu du, Kongresutik aterako den erreforma«Espainiarentzat eta Euskadirentzat onuragarria» izango delakoan. Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako estatus berriaren inguruko eztabaidaz, berriz, Anduezak esan du sozialistentzat hori ez dela«lehentasuna»:«Beti dago Autogobernu Batzordea berriro abian jartzeko aukera, eta, talderen batek Eusko Legebiltzarrean horren inguruko legez besteko proposamen bat egiten badu, sozialistok arduraz jokatu eta parte hartuko dugu, baina gurentzat orain hori ez da lehentasuna».

Pandemiaren kontrako borrokari dagokionez, Anduezak defendatu egin ditu Jaurlaritzak oraindik orain harturiko neurriak, eta esan du«proportzionaltasunez» hartu direla. Edonola ere, herritarren ardurari dei egin dio:«Pandemiaren kontra ditugun tresnarik eraginkorrenak txertatzea eta erantzukizun pertsonala dira. Ezin gara beti Gobernuari edo administrazioari begira egon; norberak erantzukizunez jokatu behar du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.