Positiboek zazpi egunez soilik egin beharko dute itxialdia Hego Euskal Herrian

Espainiako Gobernuaren eta autonomia erkidegoen artean adostu dute bihar indarrean sartuko den neurria. Itxialdia amaitzeko, gainera, ez da beste PCR proba bat egin beharko. Espainiako Osasun ministerioak esan du itxialdia «sintomarik ez duten positiboei soilik» murriztuko dietela.

Herritar batzuk etxeko balkoian, Leitzan (Nafarroa), 2020ko martxoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko abenduaren 29a
16:47
Entzun

Hamar egun izan beharrean, zazpi: aurrerantzean, COVID-19an positibo ematen duten Hego Euskal Herriko herritarrek zazpi egunez soilik egin beharko dute itxialdia. Hala adostu dute gaur Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek, Osasun Publikorako Batzordean. Gainera, itxialdia amaitzeko ez da beste PCR proba bat egin beharko; hala egiten zen orain arte.

Txertoa hartu ez eta positibo batekin harremana izan dutelako itxialdia egin behar dutenei ere ezarriko zaie neurri hori. Orain arte hamar egunez etxean egon behar zuten haiek, positibo eman ez arren. Txertoa hartu eta negatibo ematen dutenek, berriz, ez dute zertan itxialdia egin beharko, orain arte bezala.

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak adierazi duenez, neurria bihar sartuko da indarrean, «bihartik aurrera atzematen diren kasuentzat». Orain konfinatuta daudenez, beraz, hamar eguneko konfinamendua amaitu beharko dute legez. Hortaz gain, Dariasek azaldu du itxialdia «sintomarik ez duten positiboei soilik» murriztuko dietela zazpi egunera.

Goizetik zebiltzan neurri horri buruzko zurrumurruak. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak esan du pandemiaren kudeaketak oreka mantendu behar duela «osasun publikoaren, buruko osasunaren eta hazkunde ekonomikoaren artean». Gehitu du herritarrak lehen baino prestatuago eta babestuago daudela, eta esan du begi bistakoa dela egoera ez dela iazko bera: «%90ek txerto guztiak hartu dituzte, eta 80 urtetik gorakoen %80k hirugarren dosia ere bai. Orain, kasu gehienak asintomatikoak dira».

Zalantzak

Onartu berri duten neurria argitaratu bitartean, albisteak hainbat zalantza sortu ditu herritarren artean. Izan ere, asko dira azken egunetan positibo eman dutenak edo inguruan kasuak dituztenak. Zer egin beharko dute orain? Hamar eguneko itxialdia osatu beharko dute, edo zazpirekin nahikoa da? Zortzi egun etxean daramatzatenak irten daitezke kalera?

Ana Galarraga Elhuyarreko dibulgatzaile eta BERRIAko kolaboratzailea ari da galdera horietako batzuei erantzuten Twitterren. Neurri berriak lehendik konfinatuta daudenentzat balio ote duen galdetuta, hau erantzun du: «Lege aldetik, onartzen dutenetik aurrera izango da. Mikrobiologikoki, infektatuta egon arren, birusa transmititzeko arriskua oso txikia da 5. egunetik aurrera (AEBetan eta EBn 5 egun dira). Hori bai, hurrengo egunetan, pertsona zaurgarriekin ez egotea eta maskara erabiltzea gomendatu dute».

Eta noiztik hasi behar da egunak kontatzen? «Espainiako Osasun Ministerioaren arabera, positiboa baieztatzen denetik da, baina PCRa sintomak dituzulako izan baduzu eta bitartean egun batzuk igaro badira, zentzuzkoena egun horiek aintzat izatea da», azaldu du Galarragak.

Jada birusa pasatu dutenek, berriz, transmititzeko arrisku txikia zenbat denborarako duten galdetu dio beste erabiltzaile batek. Horrela azaldu du dibulgatzaileak: «Omikronak aurretik beste aldaerekin infektatu direnak berriz infektatzeko gaitasun handia duela ikusten ari dira. Aldiz, omikronarekin infektatu, eta txertatuta egonik, babes handia lortzen da deltarekiko (eta baliteke aldaera berriekiko ere hala izatea).

AEBetan, bost egun

AEB Amerikako Estatu Batuek Espainiaren antzeko neurria hartu zuten atzo: zazpitik bost egunera murriztu zuten itxialdia. Erresuma Batuan joan den astean laburtu zuten itxialdia zazpi egunera. Izan ere, hainbat adituren ustetan, omikron aldaeraren berezko ezaugarriek bide ematen dute zenbait neurri moldatzeko, eta baita, zenbaiten iritziz, batzuk leuntzeko ere. Horietako bat da itxialdiaren iraupena murriztea.

Gaixotasun infekziosoen prebentzio eta kontrolerako AEBetako zentroak argudiatu zuen omikron aldaerak aski desberdintasun dituela aurreko aldaerekin konparatuz gero. Azaldu zutenez, datuek erakutsi dute omikrona errazago zabaltzen ari dela, baina eraginak ez direla hain larriak. Gainera, zehaztu zuten kutsatze gehienak infekzioaren hasieran gertatzen direla; sintomak azaldu ondoko lehenbiziko eta bigarren egunean, edo bizpahiru egunen ondoren. Horregatik, gobernuak esan zuen konfinamenduak bost egun iraungo duela. Halere, argitu zuten ondoko bost egunetan ezinbestekoa dela prebentzio neurriak zorrotz betetzea, kalera aterata ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.