«Egoerak gaindituta» egotea eta «sinesgarritasunik ez izatea» aurpegiratu dio oposizioak Urkulluri

EAJk lehendakariaren mezua babestu du, eta PSE-EEk esan du euskal gizarteak «ziurtasunak» behar dituela koronabirusaren aurkako borrokan.

Iñigo Urkullu, Urtezahar eguneko agurreko mezuan. IREKIA
Uxue Rey Gorraiz-Edurne Begiristain
2021eko abenduaren 31
15:14
Entzun

Oposizioko taldeek gogor kritikatu dute Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak abenduaren 31eko Urtezahar eguneko zorion agurrean bidalitako mezua. EH Bilduk, Ahal Duguk, EAEko PPk eta Voxek atzo adierazi zuten Urkullu «errealitatetik at» dagoela eta ez duela «sinesgarritasunik».

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak uste du «egoerak gaindituta» dagoela lehendakaria, «iparra galduta» eta «noraezean», eta kezkagarria dela izurriari aurre egiteko planik ez duela ikustea: «Agian kezkagarriena da lehendakariaren mezuan ez dugula ikusi plan bat duen seinalerik datorkigunari aurre egin ahal izateko». Gainera, Kortajarenak «erretorika handia» eta «ziurtasun gutxi» sumatu ditu lehendakariaren hitzetan, eta gogoratu dio Europa kutsatze maila okerrena duen herrialdearen buru dela, eta ez dela «erretorikarako» unea.

Bide beretik egin dizkio kritikak Pilar Garrido Ahal Dugu alderdiko koordinatzaile nagusiak. Esan du lehendakariaren mezua ez dela «sinesgarria», eta erantzukizunik ez hartzea egotzi dio: «Besteen erantzukizunari dei egiten dio, baina ez ditu bereak onartzen». Halaber, ohartarazi dio Jaurlaritzaren lehentasuna izan behar duela osasun publikoa indartzeak, baliabideak zabaltzeak eta langileak zaintzeak, eta erronken artean izan behar dituela osasun mentala lehenesteak, hezkuntza publiko inklusiboa eta ez segregatzailea eraikitzeak eta zaintza sistema publikoa sustatzeak.

EAEko PPko idazkari nagusi Laura Garridoren iritziz, berriz, izurria «gaizki» kudeatzen ari da Eusko Jaurlaritza, besteak beste, hari dagokion erantzukizuna herritarren esku uzten ari delako. Halaber, Garridok esan du «leher eginda eta etsita» ikusten duela lehendakaria. Amaia Martinez Vox taldeko legebiltzarkideak, bestalde, Urkulluren «autokonplazentzia» kritikatu du.

Eusko Jaurlaritzaren bazkideek, berriz, ontzat jo dute Urkulluren Urtezahar eguneko mezua. Ekain Rico PSE-EEko ordezkariak adierazi du euskal gizarteak «ziurtasunak» behar dituela koronabirusaren aurkako borrokan, eta «herritarren zerbitzura» egongo diren erakundeak eskatu ditu. Ricoren ustez, gainera, ez da erraza osasun publikoaren, ekonomiaren eta sozialaren arteko «oreka» aurkitzea. Bestetik, Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak azpimarratu du Urkulluren mezuak «komunitatea eta herria indartzen dituzten balioak» goraipatu zituela.

«Konfiantza eta itxaropena»
Izurriteari so «konfiantza eta itxaropena» duela adierazi zuen Urkulluk Urtezahar eguneko mezuan. Ezinbestean, izurriarekin estuki lotua izan zen haren mezua; egoeraren larritasuna azpimarratu zuen lehendakariak, baina baita baikor agertu ere. «Gaur konfiantza eta itxaropen sentimendua partekatu nahi dut: pandemiaren bost olatu gainditu ditugu eta seigarren olatu hau ere gaindituko dugu».

Datorren urteko erronka nagusietakoa izurriteari kontra egitea denez gero, Urkulluk nabarmendu zuen bide horretan Jaurlaritzak konfiantza duela «zientzian eta medikuntzan» eta «osasun agintariengan». Halaber, pandemian askotariko arloetan lanean aritu diren profesionalei ere eskaini zizkien hitzak, esker onekoak, batik bat osasun langileei eta premiazko zerbitzuetan aritu direnei. «Asko zor diegu», aitortu zuen.

Itxaropentsu agertuta ere, lehendakariak zehaztu zuen izurriteak gaiztotua segitzen duela, eta argitu zuen «ziurgabetasuna eta ezjakintasuna» oso handiak direla oraindik ere. «Apaltasunez aitortu behar dugu pandemiari buruz oraindik gutxi dakigula, aitortu behar dugu egunero buru-belarri lanean jarraitu behar dugula egoera eta bilakaera aztertuz», adierazi zuen. Besteak beste, erantsi zuen birusaren aldaeren eragina ez dela desagertuko «mundu osoko biztanleria txertatzen ez den bitartean».

Kritiken onarpena

Autokritikarako tartea hartu zuen hizketaldian Urkulluk. «Jasotako kritikak onartzen ditut. Pandemia honen aurrean, ezin izan dugu beti irtenbideak eta ziurtasunak eskaini, eta ulertzen dut horrek sortzen duen egonezina». Gainera, lehendakariak azaldu zuen Jaurlaritzak ez duela jakin mezuak behar bezala helarazten: «Ez dugu jakin gizarteari azaltzen birusarekin denbora luzean bizitzen ikasi behar dugula; eta, beste modu batera bizitzen ere, ikasi behar dugula». Zehaztapena egin zuen: «Hori da Bizi Berri, hain zuzen ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.