Iran

Iranek Trump epaitzeko eskatu du, Soleimaniren hilketaren urteurrenean

Irango Guardia Iraultzailearen buruzagia AEBen drone batek hil zuen duela bi urte, Iraken. Herrialde horrek jakinarazi du Bagdaden eraso egiten ahalegindu direla AEBeko soldaduak hartzen dituen base baten aurka.

Manifestari bat, Qaseem Sleimani Irango Guradia Iraultzaileko buru ohiaren irudia eskuan, joan den larunbatean, Bagdaden. AHMED JALIL, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urtarrilaren 3a
13:45
Entzun

Qasem Soleimani, Irango Guardia Iraultzailearen buruzagia, duela bi urte hil zuten AEBek, Bagdaden. Quds eliteko indarretako komandantea zena misio diplomatiko batean zegoen Irakeko hiriburuan, eta AEBen bonba drone batek misilez leherrarazi zuen hura garraiatzen ari zen konboia. Eraso horrengatik, Donald Trump AEBetako orduko presidentea epaitzea galdegin du gaur Ebrahin Raisi Irango presidenteak. Hala egin ezean Iranek «mendekua» hartuko duela adierazi du.

Raisik «auzitegi garbi bat» eskatu du Trumpi kontuak eskatzeko, Soleimaniren hilketaren urteurrenaren harira telebista bidez egin duen hitzaldian. AEBetako presidente ohiarekin batera, Mike Pompeo Estatu idazkari ohia ere justiziaren aurrera eramateko exijitu du. «Hala ez bada, ez zalantzarik izan, eta jakin dezatela AEBetako agintari guztiek: mendekuaren eskua aterako du nazioak».

Duela bi urte, AEBen erasoari erantzunez, Irango Guardia Iraultzaileak dozena bat misil jaurti zituen soldadu estatubatuarrak hartzen dituen Irakeko base militar baten kontra. Ez zen inor zauritu. Ordutik, Iranek hainbatetan eskatu du AEBen armada eskualdetik erretiratzea, eta mendeku mezuak haizatu ditu.

Bestalde, Irango Gobernuaren lege zerbitzuek adierazi dutenez, «bere esku dauden legezko ekinaldi guztiak» jarriko ditu abian Washingtoni Soleimaniren hilketarengatik erantzukizuna eskatzeko. Besteak beste, NBEren Batzar Orokorrari eta Segurtasun Kontseiluari galdegingo die Soleimaniren kontrako erasoa gaitzetsi eta AEBen eta Israelen kontrako ebazpenak onartzea —Iranek salatu duenez, AEBek Israelen laguntza izan zuten Quds indarretako buru zena hiltzeko—.

Teheranek Washingtonen «aldebakarreko jokabide gehiegizkoa» salatu du, eta gaineratu AEBek baimena eman diotela beren buruari nazioarteko zuzenbidea urratzeko. Gobernuaren iritziz, ezinbestekoa da AEBen jokabidea gaitzestea, etorkizunean antzeko erabakiak har ditzaten eragozteko.

Epaiketarik gabeko hilketen gaietarako NBEk duen kontalariak ondorioztatu zuenez, Soleimaniren hilketa «legez kontrakoa» eta «arbitrarioa» izan zen, eta NBEren Agiria urratu zuen. Trumpek, ordea, defendatu egin zuen Soleimaniren kontrako erasoa, eta ziurtatu Soleimani zela «munduko terrorista handiena», eta «askoz ere lehenago» hil behar zuela.

Soleimaniren hilketaren bigarren urteurrenean, AEBetako soldaduak hartzen dituen Irakeko base militar bati eraso egiten saiatu dira, Irakeko indarrek jakinarazi dutenez. Lehergailuak zituzten bi drone atzeman dituzte hiriburuko aireportutik gertu. Inork ez du bere gain hartu eraso saioa.

Bestalde, Israelgo bi egunkarik eraso informatikoak jasan dituzte, Soleimaniren hilketaren urteurrenarekin lotuta: The Jerusalem Post eta Maariv hedabideen Twitter kontuetan, Israelgo Dimona erreaktore nuklearraren irudi bat publikatu dute. Irudian, erreaktorea ageri da misil batek lehertuta, eta testu batek lagunduta: «Zuengandik gertu gaude, pentsatzen ez duzuen tokian».

AEBen eta Iranen arteko tentsioa muturrera eraman zuen krisia izan eta bi urtera, zeharkako negoziazioetan dira Washington eta Teheran, Irango programa nuklearra mugatuko duen ituna berreskuratzeko —Trumpek itun nuklearretik atera zituen AEBak 2018an—. Gaur helduko diete berriz elkarrizketei Iranek eta Errusiak, Txinak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Alemaniak, Vienan. Washingtonek ez du zuzenean parte hartuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.