Txillardegi

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte Txillardegiren heriotzaren hamargarren urteurrenean

Urtarrilaren 11tik 18ra egingo dituzte ekitaldiak, gehienak Donostiako San Telmo museoan. Ekitaldi nagusia Txillardegi plazan egingo dute, urtarrilaren 15ean.

Txillardegiri egindako omenaldi bat, iaz, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2022ko urtarrilaren 3a
13:55
Entzun

Aurki, urtarrilean bertan, hamar urte beteko dira Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela. Urteurrena baliatuz, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Donostian San Telmo museoak, Telesforo Monzon eLabek, Jakin fundazioak, Susa argitaletxeak, Argia-k eta Txillardegi liburutegiak.

Haren heriotzaren urteurreneko ekitaldi nagusia urtarrilaren 15ean egingo dute, 12:00etan, Txillardegi plazan.

Aurretik, urtarrilaren 11n, asteartean, Txillardegiren hizkuntza politikaren oinarriak eta bere gaurkotasuna hitzaldia emango dute Alaitz Aizpuruk eta Iñigo Urrutiak San Telmo museoan. Leku berean, urtarrilaren 13an, Kronikak liburua aurkeztuko dute Koldo Izagirrek, Garbiñe Ubedak, Juan Luis Zabalak eta Gorka Bereziartuak.

Azkenik, urtarrilaren 18an, beste bi liburu aurkeztuko dituzte San Telmo museoan: Txillardegi: Euskalgintza eta Txillardegi: Intelektuala eta gizartea. Alaitz Aizpuruk, Lorea Agirrek eta Igone Lamarainek aurkeztuko dituzte.

Lan oparoa

Txillardegik eragin handia izan zuen Euskal Herriko politikagintzan, hizkuntzalaritzan eta literaturan. ETAren sortzaileetako bat izan zen, Altsasuko mahaiaren eta Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen, eta Aralarren ere izan zen. 1961ean erbesteratu zen, eta Frantzian eta Suitzan bizi izan zen.

Etxean ez zioten irakatsi euskara, baina bere kabuz ikasi zuen. Euskara batuaren sorrerarako ere lan garrantzitsua egin zuen, Federico Krutwig eta Koldo Mitxelenarekin batera. Euskaltzain urgazlea izan zen 1957tik aurrera, eta Euskaltzaindiko Ahoskera Batzordeko kidea 1993tik aurrera.

Idazle gisa ere lan oparoa egin zuen, eta berrikuntza nabaria ekarri zuen euskal literaturara. Lehen euskal nobela modernotzat hartzen den lana argitaratu zuen 1957an: Leturiaren egunkari ezkutua.

BERRIAk Txillardegiri buruzko erreportaje sorta bat argitaratuko du, hamargarren urteurrenaren karietara. Ez da izango 2022ko kultur arloko efemeride bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.