«Partenoiko eskulturen norako bakarra Harkaitz Sakratua da»

Greziako Arkeologia Museoak Partenoiko hamar pieza itzuli ditu Akropolira, eta Greziako lehen ministroak eskaera egin dio berriro Erresuma Batuari, bere esku dituen piezak itzul ditzan.

Partenoiaren ekialdeko frisoaren VII. harrian irudikatua dagoen gaztearen buruaren zati hau da gaur bere lekura itzuli dutenetako bat. YANNIS KOLESIDIS, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko urtarrilaren 3a
18:13
Entzun

Atenasko Akropoliak hamar pieza berreskuratu ditu gaur. Partenoiko friso, metopa eta frontoi zatiak dira orain arte Greziako Arkeologia Museo Nazionalean zeuden pieza horiek, eta Akropoliko museora eraman dituzte. Egokiera baliatuz, Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak Partenoiko pieza guztien itzulera eskatu du, batik bat Greziatik eraman zituztenak gogora ekarrita: «Partenoiko eskultura guztiak batzea ez da distantzia kontu bat. Atenasen egon edo munduko beste edozein tokitan egon, horien guztien norako bakarra Harkaitz Sakratua eta museo handi hau da», adierazi du Partenoiko aretoan.

Partenoia Greziako tenplurik ezagunena da munduan. K.a. 447 eta 432 bitartean eraiki zuten, Atenea jainkosa goratzeko, eta antzinako Greziako artearen ikurretako bat da. XIX. mendean, ordea, Erresuma Batuak espoliatu egin zuen. Thomas Bruce enbaxadoreak metopen eta frisoen hainbat zati erosi zizkion Otomandar Inperioko sultanari, 35.000 liberaren truke. 1939az geroztik, Londresko Britainiar Museoan daude ikusgai, eta Akropoliko museoan kopiak baino ezin dira ikusi.

Horregatik, gaurko ekitaldian Mitsotakisek gogoan izan ditu Erresuma Batuak bere esku dituen piezak. Gogorarazi du Unescok berak eskatu duela pieza guztiak itzultzeko, eta iritzi publikoaren gehiengoak babesten duela eskaera hori, «baita Erresuma Batuan ere». Unescok gizadiaren ondare izendatu zuen Partenoia 1987an, Akropoliko beste artelanekin batera.

Greziako lehen ministroak jakinarazi du Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroarekin hitz egin zuela gaiaz duela gutxi izan zuten bilera batean, eta iragarri du ziur dela hark ez duela blokatuko etorkizunean horren gaineko akordiorik, ikasketa klasikoak dituelako eta antzinako Greziaren zalea delako. Beharrezkoa balitz legea aldatzeko prest legokeela esan du Mitsotakisek.

Pieza bat nabarmentzen da Greziako Arkeologia Museo Nazionalak Akropolira itzuli dituenen artean bat: gazte baten buruaren goiko aldea, ekialdeko frisoaren VII. harrian irudikatua. Akropoliko museoan dagoen harri horren benetako puska bakarra da, gainontzekoak Louvre museoan baitaude, Parisen. Lina Mendoni Greziako Kultura ministroak gaurko ekitaldian adierazi du gaur mugitutako piezak itzultzea ezinbestekoa zela Partenoiko eskultura guztiak itzultzeko borrokaren barnean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.