Albistea entzun

Pobrezia

Hazkurri gehiagoren beharra du Baionako elkartasun brigadak

Duela urte bat pasa sortu zuten Herri Elkartasun Brigada Baionan, behardunei hazkurrien banatzeko. Epaiskan egiten du banaketa, gaur egun, asteartero. Hazkurri emaitzen egitera deitu du.

Iñaki Etxeleku - Iparraldeko Hitza Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Etxeleku - Iparraldeko Hitza -

2022ko urtarrilak 8

2020ko azaro hastapenean sortu zuten Baionako Herri Elkartasun Brigada. Europako Antifa sarean gisa bereko guneak sortu ziren lehenago, behardunentzat hazkurri bila jiteko eta harremanak egiteko gune herrikoia sortzeko asmoz. Herritarrek egin hazkurri eta oinarrizko puska banaketa astearte guziz egiten du brigadak, 17:30ean, Baiona Ttipiko Epaiska elkarte gunean.

Duela urte bat pasa, Baiona FC zangobaloi klubak utzi egoitzan hasi zen Herri Elkartasun Brigada. Uda gabe, Pannecau karrikako Epaiskara joan zen. Geroztik, hamar bat boluntariok biziarazten dute astearteko banaketa. Hastapenean, oraino hor ez ziren Clementine Petit eta Benjamin Reilhe brigadako boluntarioetarik dira. COVID-19a dela kausa ezarri etxeratze giroan abiatu zen elkartasun taldea, eta, abiatzaileekin mintzaturik, Reilhek dio hazkurri bila datozenen profila orotarikoa dela. “Erran digutenez, hastapenean, paperik gabeko jende andana heldu zen. Gaur egun, ez dira ikusten”. Dago, ez ote duten etorkinei buruzko politikek eraginik horretan. “Oro har, prekaritate handian diren jendeak dira heldu”. Zehatzago mintzatu da Petit: “Erretretadunak, bakartuak diren jendeak dira heldu. Ahantzi behar dira betiko klixeak: langabeak edota administrazio bortizkeria pairatzen duten paperik gabekoak —adibide baten emateko— direla bakarrik heldu. Badira ere lanean ari direnak, bizitegi bat dutenak edo norbaiten etxean aterpetuak direnak”.

Baina ez dute azterketarik egiten; ez egin nahi ere. Helburua da behar duen oro errezibitzea, gehiagokorik galdegin gabe. “Ez diegu galdegiten nondik datozen, zer egiten duten. Ahalkegarria da norbaitentzat bizi duen pobreziaren froga ekartzea. Nehondik ere ez dugu halakorik eginen”, dio Reilhek. Gizarte laguntzako edo behardunen beste harrera gune batzuekin den ezberdintasun handia dela hori uste du Reilhek. “Beste leku batzuetan paperak eskatuak zaizkizu, eta hartu behar duzu emana zaizun hori. Gurean, ez da batere hola: heldu zara, hartzen duzu nahi duzuna, eta ez zaizu deus eskatzen”.

Solasean aritzeko gunea

Janariaz gain, Epaiskako hitzorduak besterik eskaini nahi die auzotarrei. “Hazkurri bila heldu dira, baina mintzatzeko ere bai”, erran du Petitek. “Hori baita eskas Baionan”, segitu du Reilhek; “gentrifikazio handian sartua da Baiona eta Epaiska funtsezkoa da harremanen egiteko. On da jakitea badirela, Baionan, halako eskaintza duten lekuak oraino”.

Jende xehearen auzoa zena azkarki aldatu baita azken urteetan. “Gentrifikazioak jende horien hiritik kanporatzea zalutzen du. Ondorioz, munta handikoa da Baiona Ttipi erdigunean izatea halako tokia. Herriak herriarentzat egina leloa guziz gurea daukagu”, adierazi du Petitek.

Auzoko saltegiei deia

Abendu erditsuko astearteko banaketan deus gabe gelditu zen brigada. Mahai gainean ezarri hazkurri guziak joan ziren. Horretan ikusi dute beste hozka bat gainditu beharko zela. Herritarrei janari ekartzea eskatzeaz gain, auzoko eta inguruko saltegi eta jatetxeen elkartasun beharra ikusi dute. “Aski berriak gara, denbora bat behar da ezagutuak izateko, baina bada inplikazio gehiagoren beharra”, argitu du Reilhek. “Badakigu hazkurri saltegi anitzetan saldu ezinak zaizkienak botatzen dituztela franko. Bada xahutze anitz, eta ardura zerbaiten hartzera dei egiten diegu, emaitzak egin diezazkiguten”, gehitu du Petitek. Janari mota batzuk falta zaizkie. “Barazkiak eskas dira, adibidez”, jarraitu du Reilhek. “Oinarri-oinarrizko janariak ditugu eskuratzen: pastak, irrisa, kontserbak. Hazkurri iraunkorrak” .

Harreman sozialen aldetik, kontrolik gabeko banaketa gune herrikoi eta informala izateak solasa errazten duela ohartu dira brigadako kideak, Reilhek dioenez: “Funtsezkoa da, harreman sozialak desegin nahi dizkiguten gizarte batean bizi garelako. Hor, jendea, egoten da nahi badu; biziki aberasgarria da”.

Nahiz ez den batere behartua. “Badira heldu direnak, zakua bete eta berriz doazenak. Eta arras ongi da”. Mintzatu nahi duenarentzat, ohiko hitzordua bilakatu da, astearte guziz, 17:30ean.

Gisa guziz, elkartasun taldeko bi lagunek errepikatu dute hazkurri eta puska emaitza gehiagoren beharra dutela, gaur egun. Baita boluntario gehiagorena ere. Eskaintza handiagoa izateko eta auzoan gizarte bilgune indartsuagoa izateko oraino.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek egindako agerraldia, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

«Harreman asimetrikoak» hausteko eskatu diote Jaurlaritzari

Edurne Begiristain Iosu Alberdi

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek kontsultarako mahai bat proposatu diote Gasteizi, bitartekari lana egiteko

Jonan Fernandez, atzo, gazteen emantzipaziorako estrategia aurkezten. ©IREKIA

Emantzipatzeko laguntzak jasoko dituzte 25 eta 29 urte artekoek

Edurne Begiristain

Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa sustatzeko estrategia ondu du. 2030erako 29 urtera jaitsi nahi du gurasoen etxea uzteko adina

Antton Kurutxarri EEPko lehendakaria agerraldi batean ©Guillaume Fauveau

EEPko ordezkariek Parisen isiltasuna deitoratu dute

Garazi Aduriz Zuñeda

Irailean egin zuten bilkura Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin. Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aipatu zuten nagusiki.

Donostiako ospitalaren atarian gaur goizean egindako protesta bilkura ©Javier Etxezarreta / Efe

Donostia ospitaleko 150 langile inguru batu dira gaur ESIko zerbitzuburuen elkarretaratzera

Edurne Begiristain

Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa salatzeko, protesta jendetsua egin dute goizean ospitaleko atarian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...