Zinema

Sidney Poitier aktorea hil da

Beltzen eskubideen aldeko borrokaren ikurretako bat bilakatu zen, eta Oscarra irabazi zuen lehen aktore afroamerikarra izan zen

Sidney Poitier, 2006an. DANIEL DEME / EFE
mikel lizarralde
2022ko urtarrilaren 7a
16:41
Entzun

Sidney Poitier aktore estatubatuarra (Miami, 1927) 94 urterekin hil dela jakinarazi dute bere ingurukoek. Poitier erabateko aitzindaria izan zen XX.mende erdialdeko Hollywooden, beltzak rol bazterreko eta estereotipoetara mugatuta zeudenean, berak aukera izan zuelako nortasun handiko rol protagonistak betetzeko. Hain zuzen ere, eskubide zibilen aldeko mugimendua ernatzen ari zenean, 1964an, lortu zuen bere lehenengo Oscar saria Lillies of the Field filmagatik.

Artean kredituetan agertu gabe ere, 1947an egin zuen debuta kameren aurrean Poitierrek Sepia Cinderella filmean. Extra huts gisa. Hiru urte geroago, ordea, Joseph Leo Mankiewicz zinemagile prestigiodunarentzat egin zuen lan No Way Out draman, eta handik aurrera garatuko zuen pertsonaiaren trazak erakutsi zituen. Izan ere, anaia arrazista bi artatu behar dituen mediku beltz bat izan zen Poitier Mankiewiczen film horretan. Mende bukaerara arte aktore gisa egin zituen 50etik gora filmetako lehendabizikoak izan ziren.

50eko hamarkadan bere lekua egin zuen Poitierrek hala zineman nola telebistan, eta baita arrakasta handia lortu ere zenbait filmekin. Horietako bat izan zen Richard Brooksen Blackboard Jungle (1955), eskola bateko borrokak islatzen zituena, eta aktorearen film ezagunenetako bat bilakatu dena denborarekin. Beste bat The Defiant Ones (Stanley Kramer, 1958) izan zen, lehenengoz Oscar saria irabazteko hautagaia izan baitzen Poitier.

Berehala, beltz komunitatearen erreferente bilakatu zen Poitier; bai bere komunitatearen borrokaren alde lerratu zelako, bai zinemara ere eraman zuelako borroka hori. Nolanahi ere, kritikak ere jaso zituen, beltz zintzo eta atsegina-ren rolari lotu zitzaiolako sarritan (Guess Who's Coming to Dinner, Stanley Kramer, 1967).

Drama izan zuen lan eremu nagusia, baina beste genero batzuk ere landu zituen, besteak beste, thrillerra (In The Heat of the Night, Norman Jewison, 1967).

Beste ezeren gainetik, aktorea izan zen Poitier, baina zuzendari lanak ere egin zituen. Buck and the Preacher western-arekin estreinatu zen 1972an, eta 1990era arte beste zortzi film zuzendu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.