Klima larrialdia

Azken zazpi urteak inoizko beroenak izan dira munduan

Klima aldaketarako Europako Copernicus zerbitzuak jasotako informazioaren arabera, 2021a inoiz erregistraturiko urterik beroenetan bosgarrena izan da. Metano isuriek orain arteko marka hautsi dute.

Hainbat haur iturrietan jostetan, udako egun bero batean, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko urtarrilaren 10a
16:36
Entzun

Urtearen bukaerak bide eman dio, ezinbestean, klimari loturiko aldagaiei erreparatu eta balantzea egiteko. Ondorioak aski beltzak dira: azken zazpi urteak inoiz erregistraturiko urterik beroenak izan dira munduan, 2021a barne harturik. Klima aldaketarako Europako Copernicus zerbitzuak argitaratu du informazioa, bere azterketa oinarri. Zerbitzua 1850ean hasi zen urtero neurketak egiten eta emaitzok plazaratzen, eta, hain zuzen ere, gaur atera du argitara 2021ari dagokiona. Urterik beroenetan bosgarrena izan da iazkoa. Zehazki, industriaurreko aroaren batez besteko tenperatura baino 1,1-1,2 gradu altuagoa izan da tenperatura 2021ean.

Tenperaturaren gorakada Kanadan, Ameriketako Estatu Batuen mendebaldeko kostaldean, Afrika erdialdean eta Ekialde Hurbilean izan da nabarmenena iaz. Hala eta guztiz ere, Copernicus zerbitzuak emandako datuen arabera, Europan erregistratutako zenbait datuk orain arteko errekorrak hautsi dituzte: kontinenteak «inoizko udarik berorena» izan du, zerbitzu horren zuzendari Vincent-Henri Peuchen esanetan. Sizilian 48,8 graduraino iritsi zen tenperatura; ordura arte, ia gradu bat txikiagoa zen errekorra. Gainera, Copernicusek gogora ekarri du 2021ean beroaldi ugari izan zirela, baita uholde nabarmenak ere. Ez hori bakarrik: sute larriak ere izan ziren, «giro idorrek eta tenperatura altuek baldintzatuta».

Hain zuzen ere, Copernicuseko adituek ohartarazi dute joan den udan muturreko fenomeno meteorologiko horien gorakada gertatu izana ez dela kasualitatea. «Maizago gertatzen dira orain», zehaztu dute. Argi azaldu dute zer kausa dagoen horren atzean: «Klima larrialdiaren ondorio da».

Gas isuriak, ziorako arrazoi argi

COVID-19aren hedapena geldiarazteko neurriek eragin zuzena izan zuten 2020. eta 2021. urteetako gas isurietan; Copernicus zerbitzuaren datuen arabera, %5,5 murriztu ziren berotegi gasen isuriak. Edonola ere, ohartarazi dute emisioek maila altuetan segitzen dutela, 2018. eta 2019. urteen antzerako neurrian. 2021ak aurrera egin ahala, areagotu egin dira CO2 isuriak.

Gainera, inoizko daturik makurrenak erregistratu dira metanoari dagokionez. Atmosferan pilatuak diren metano partikulak inoiz baino gehiago dira, ohartarazi dutenez, eta kezka azaldu dute adituek. Edonola ere, erantsi dute oraindik ere goiz dela zehazteko zein den gorakada horren arrazoia. Ikerketa sakonagoa eginen dute hori zehazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.