Lan istripuak

Antsietatea lan istripu gisa onartu diote Loiuko aireportuko langile bati

Bilboko lan arloko epaitegiak frogatutzat jo du gaixotasuna lan gatazka baten ondorio izan zela. CCOO sindikatuak «arrisku psikosozialen aurrean prebentzio neurriak zorroztea» eskatu die enpresei.

Loiuko aireportuko langileen protesta bat 2019an, lan baldintza duinak eskatzeko. ARITZ LOIOLA/FOKU
aitor biain
2022ko urtarrilaren 11
12:27
Entzun

Bilboko lan arloko epaitegiak lan istriputzat jo du antsietate kasu baten ondorioz emandako gaixo agiri bat. Loiuko aireportuko garbiketa langile azpikontratatu baten kasua da, eta epaileek frogatutzat jo dute gaixotasuna lan gatazkaren ondorio izan zela. CCOO sindikatuak jakinarazi duenez, langileak urtebete inguru eman zuen gaixoaldian krisiaren ondorioz, 2019ko irailetik 2020ko azarora bitarte.

Lantokian antsietate krisi bat izaten bada ez da beti lan istriputzat jotzen; askotariko kasuak daude, eta ez da arraroa auzia epaitegietan ebaztea. Kasu honetan, esaterako, epaileek aintzat hartu dute Lan Ikuskaritzak lan gatazka egiaztatu izana bere garaian. Sententziak aurrekari gisa jasotzen ditu, halaber, kasu honen inguruan egin diren prozesu judizialak, eta langilearen eskariz enpresan bertan martxan jarritako jazarpen protokolo bat ere bai. Hori horrela, epaileek ondorioztatu dute «lotura zuzena» dagoela langilearen gaixotasunaren, gatazkaren eta lan ezintasunaren artean.

CCOO sindikatuaren arabera, beharrezkoa da enpresek «arrisku psikosozialen aurrean prebentzio neurriak zorroztea», bereziki lan kargen banaketari, zereginen aurretiazko plangintzari eta horri lotutako komunikaziori dagozkienak. Izan ere, Alfonso Rios sindikatuko osasun arduradunaren hitzetan, buruko gaixotasunak areagotzen ari dira COVID-19aren pandemiaren eraginez. Hori dela, «koordinazio handiagoa» eskatu du enpresa nagusien eta azpikontratatuen artean batez ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.