Osakidetzak soilik zaurgarriak diren kontaktu estuei eginen die proba

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu du aldaketaren helburua zaurgarrienei diagnostikoa azkarrago egitea dela. Txertatuak ez daudenei horretarako gonbidapena egin die: «Txertatu zaitezte, mesedez». Nafarroan hiru pertsona hil dira gaitzaren ondorioz.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, joan den astean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko urtarrilaren 11
12:45
Entzun

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak xehetasun bat gehitu dio atzo iragarritako protokolo aldaketari: hemendik aitzina, positibo baten kontaktuak direnen artean, soilik pertsona zaurgarriek eman beharko diote horren abisua Osakidetzari, eta soilik haiei eginen diete koronabirusaz kutsatuta ote dauden jakiteko proba. Sagarduik jakinarazi duenez, aldaketaren helburua da zaurgarrienei gaixotasuna ahalik eta azkarren diagnostikatzea.

Jaurlaritzak zehaztu du zaurgarri gisa kontuan hartuko dituztela 70 urtetik goitiko herritarrak, haurdun dauden emakumeak, immunoeskasia dutenak, txertatu gabeak eta gaixotasun kronikoak dituztenak; erraterako, diabetikoak eta eritasun hepatikoak edo giltzurrunetakoak dituztenak. Kontaktu estua diren gainerako pertsonei sintomei «adi» egoteko eskatu die sailburuak.

Gobernu Kontseiluaren bileraren ondoko agerraldian eman du Sagarduik xehetasunaren berri. Hainbat kazetarik galdegin diote protokolo aldaketak nola eraginen duen eritasunaren jarraipen datuetan, eta sailburuak erantzun du positibo kopurua ez dela «inoiz adierazle bakarra» izan: «Ez dugu aukera galduko pandemiaren bilakaera ikusteko». Bertzeak bertze positibo tasari begiratuko diote.

15.430 kasu positibo

Osakidetzak eta Osasunbideak gaur emandako datuen arabera, atzo egindako probetan 15.430 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herrian. 36.271 proba egin zituzten guztira: egindako proba guzien %42k eman zuten positibo. Nafarroako Gobernuak jakinarazi du, bertzalde, hiru pertsona hil direla azken ordutoan COVID-19ak jota.

Ospitaleei dagokienez, uneotan 1.038 lagun daude koronabirusagatik erietxeratuta Hegoaldean. ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan 174 lagun daude.

Txertatzeko deia

Sagarduik txertaketan jarri du arreta, berriro ere. Jakinarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5 eta 11 urte arteko haurren ia erdiek hartua dute lehen dosia. Umeak txertatzearen alde egitera animatu ditu gurasoak: «Txertoa da tresnarik onena seme-alabak babesteko». Sailburuaren arabera, 36.000 dosi pediatriko gehiago ditu Osakidetzak eskuartean, eta 14.000 umeri emana diote txertoa jartzeko ordua datozen egunetarako.

40 urtetik goitiko herritarren artean, berriz, hamarretik seik hartua dute errefortzu dosia, eta 60 urtetik goitikoen artean %90era ailegatzen da ehunekoa. Sagarduik jakinarazi du lehen dosiak ere ematen dituela oraindik Osakidetzak, eta oraindik batere txertorik hartu ez dutenei horretarako deia egin die: «Garaiz zaudete: txertatu zaitezte, mesedez. Lehenbailehen hobeto, guztientzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.