Telebista

Kataluniako TV3en 359.000 herritarrek ikusi dute 'Non dago Mikel?' lana

Atzo gauean eman zuten dokumentala, katalanezko azpidatziekin, eta %16,1eko ikusle kuota lortu zuen. Amaia Merinok zera esan du: «Konturatzen zara telebistan ikusleek erantzun egiten dutela, batez ere kate horren maila handia bada eta eduki interesgarriak eskaintzen baditu».

Ion Arretxe. IZAR FILMS
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 12a
10:14
Entzun

Ikusmina piztu du Katalunian Non dago Mikel? dokumentalak. Miguel Angel Llamas lanaren zuzendari eta ekoizleetako batek joan den astean azaldu zuenez, telebistarako 65 minutuko bertsioa egokitu du TV3ek —originala 80 minutukoa da—. Hala ere, egileak pozik zeuden telebistako estreinaldiarekin. Prime time ordutegian eman zuen atzo kate publikoak dokumentala, 22:05ean. Eta sare sozialetan ikus-entzule askoren erantzuna iritsi zen: #MikelZabalzaTV3 traola erabili zuten Twitterren herritar ugarik, eta mezuetan nagusi izan zen 1980ko hamarkadan PSOEk eta Espainiako Gobernuak izandako jokabidea. Ikusle datu handiak izan ditu dokumentalak: %16,1eko ikusle kuota bereganatu zuen lanak Katalunian —katearen ohiko batezbestekotik gora—. Sense ficció saioak denboraldi honetan lortu dituen daturik onenetan hirugarrena da. 359.000 herritarrek ikusi zuten TV3en dokumentala. Filma hilaren 18ra arte ikus daiteke Kataluniako katearen webgunean Herrialde Katalanetan, Hego Euskal Herrian, Galizian eta Espainian.

Bi zuzendarietako batek, Amaia Merinok, azaldu du zinemagile batentzat datuak «ikaragarriak» direla: «Gau bakar batean 359.000 ikusle izatea oso pozgarria da. Konturatzen zara telebistan ikusleek erantzun egiten dutela, batez ere kate horren maila handia bada eta eduki interesgarriak eskaintzen baditu». TV3eko estreinaldiarekin «oso pozik» daude egileak: «Ikusten dugu gure helburuak betetzen ari direla. Gure asmoa izan da memoria historikoa egitea, modu emozional batean, eta kontent gaude. Erakusten du, era berean, Katalunian torturarekin zerikusia duten gaiek interesa eta kezka sortzen dutela».

ETBk iaztik du dokumentala emateko eskubidea, baina ez du oraindik eman. BERRIAk ETBn galdetu du ea noiz emango duten, eta, erantzun diotenez, «aurten» emango dute. Gaineratu dute oraindik ez dutela eguna zehaztu. Llamasek, bestalde, azaldu du laster akordio bat itxiko dutela Interneteko plataforma batekin.

Merinok zera esan du: «Jende askok ezin izan du ikusi. Nahiz eta zinema aretoetan ikusle asko izan zituen, pandemia baten erdian estreinatu genuen. Jende anitzek ez du aukerarik izan ikusteko, eta espero dugu aurten streaming plataformetan eta ETBn jende askok ikusi ahal izatea. Ziur gaude Euskal Herriko herritar askoren artean ongi etorria izango dela Euskal Telebistan ikusi ahal izatea». Zinemagileak ziurtzat jo du ETBn ikusi ahalko den bertsioa 80 minutukoa izango dela. TV3ek ere emango du bertsio hori.

Ahotsa.info-k eta Izar Filmsek ekoitzitako dokumentala da Non dago Mikel?. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, 2020an. Ondotik, makina bat jaialditan parte hartu du. Filmaz idatzi zuten estreinaldiko egunetan Itziar Ugartek eta Amaia Garciak.

Kataluniako beste hedabide batzuetan ere eragina izan du TV3eko estreinaldiak. Horren erakusgarri, Vilaweb atariak Lurdes Zabalzari egindako elkarrizketa.

Mikel Zabalzaren afera mahai gainean jartzea izan da dokumentalaren egileen xedea. Baita torturaren gaia jartzea ere. «Helburu hori betetzen ari da, eta lantalde osoan pozik gaude», adierazi du Merinok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.