ESPETXEAK

Presoak laneratzea izanen da Aukerak elkargoaren oinarria

Gizarteratzeko bide gisa, presoen «prestakuntzarako interesa» eta lan produktiboa sustatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak.

Basauriko kartzelaren irudi bat, iazkoa. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko urtarrilaren 12a
11:27
Entzun

Gizarteratzeko, lana. Hori du helburua Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena kudeatzeko martxan jarri duen Aukerak elkargoak. Presoen «prestakuntza, lantegiak eta ekoizpen jarduerak» izanen dira Aukerak «programaren arrakastaren oinarria», Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean Gasteizen eginiko agerraldian adierazi duenez. Berdintsu mintzatu da Carlos Roy Aukerak-en zuzendaria ere: presoen «prestakuntzarako interesa» eta lan produktiboa sustatu nahi dituela adierazi du, presoen gizarteratzeko aukera gisa. Izan ere, Jaurlaritzak uste du presoak laneratuz gero errazago txertatuko direla gero gizartean. Artolazabal: «Ziur gaude gizarteratzeko eta laneratzeko bitartekoak gehitzeak segurtasun handiagoa ekarriko diola gure gizarteari, eta errepikapen txikiagoa ekarriko duela». Delituena.

Artolazabalek jakinarazi duenez, ez da gauza berria presoek lan egitea. Izan ere, zehaztu duenez, gaur egun 346 preso ari dira lanean Zaballa (Araba), Martutene (Donostia) eta Basauriko (Bizkaia) espetxeetan: horietatik 223 espetxeetako lantegi produktiboetan ari dira (206 gizon eta hamazazpi emakume), eta bertze 123, kanpoko enpresekin lankidetzan kudeaturikoetan (110 gizon eta hamahiru emakume). Langile horiek guzietatik 28 motibazio politikoko euskal presoak dira.

Hori guzia indartu egin nahiko lukete, ordea: «Gure helburua da presoen lan ildoa areagotzea, programa eta lantegi berriak hobetuz eta martxan jarriz», azaldu du Artolazabalek. Horretarako, «orain arte ez bezalako arloak» aztertu nahi dituzte: «Hala nola logistika, arreta soziosanitarioa eta mendekotasunaren zaintza, artisautza...».

Tximeleta bat izanen da Aukerak elkargoaren logotipoa, presoek gizarteratze prozesuan egiten duen «metamorfosia eta aldaketa» irudikatuko lituzkeena. Artolazabalen hitzetan, hain zuzen, «keinu soil bat eraldaketaren hasiera» izan daiteke. Royk adierazi du «ilusioz» dagoela Aukerak-ek dakarren «erronkagatik», haren arabera «asmo handikoa» baita. Zehaztu du prestakuntzan eta ekoizpen tailerretan genero ikuspegia txertatuko dutela.

Laneratzea indartzea ez ezik, erregimen irekia sustatzeko baliabideak handitzea ere izanen da Jaurlaritzaren helburua, eta Artolazabalek azaldu du sei milioi euro inbertituko dituztela aurten hirugarren graduko egoitzetan plaza kopurua handitzeko.

«Hobetzeko arloak»

Ehun egun joan dira Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena eskuratu zuenetik, eta Artolazabalek aitortu du badauzkatela «hobetzeko arloak». Halere, nabarmendu du hiru hilabetean «lortu» dutela eskumenen, langileen eta araudiaren aldaketa egitea, «inolako eragin negatibo aipagarririk gabe». Azaldu duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru espetxeak «sarean» lan egiten ari dira, eta erabakiak hartzeko denbora «nabarmen murriztu» dute. «Sindikatuekin lortutako akordioari» balioa eman dio Artolazabalek, halaber —ACAIP-UGT sindikatuarekin lortu zuten akordioa, gehiengo sindikalaren babesik gabe—:«Bi urteko tartea eman digu lanpostuen definizioan eta etorkizuneko langileen lan metodologian lan egiteko».

Jaurlaritzak zehaztu du hiru hilabeteotan presoen koltxoiak aldatu dituztela, prestakuntza gelak hobetu, eta hezetasuna «kendu» dutela kartzeletatik. Osasun eta Hezkuntza sailekin elkarlanean, bertzalde, «genero ikuspegiarekin zerikusia duten zenbait egitasmo» egin dituztela aipatu du, baita buru osasuneko planak eta mendekotasunekin loturikoak egin dituztela ere.

Eusko Jaurlaritzak gaur emaniko datuen arabera, urtarrilaren 1ean 1.356 preso zeuden Zaballan, Martutenen eta Basaurin: horietatik 1.251 gizonak dira, eta 114 emakumeak. Artolazabalek zehaztu duenez, «ETArekin loturikoak» 84 dira gaur egun —horietatik bederatzi baldintzapean aske daude—. Bertze 163 lagunek baldintzapeko askatasuna dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.