Korrikaren ibilbidea

Korrikaren lekukoak badu nondik nora ibili

Korrikaren ibilbidearen berri eman dute: Mendebaldean hasiko da, eta Gasteiz izango da igaroko duen lehen hiriburua. 2.180 kilometro eginda, Donostiara iritsiko da lasterketa. Ikusi egunez eguneko ibilbidea eta ordutegia albiste barruan.

Julen Aperribai.
2022ko urtarrilaren 13a
19:03
Entzun

Korrikaren aldiroko jakin-min iturri nagusietako bat izaten dena argitu berri da, AEK-k jakinarazi baitu zein izango den 22. Korrikaren ibilbidea eta noiz igaroko den leku bakoitzetik. 2.180 kilometro egingo ditu zazpi herrialdeetan, Hitzekin lelopean. Amurriotik (Araba) abiatuko da, martxoaren 31n, ostegunez, eta Donostian amaituko, apirilaren 10ean, igandean.

Arratsaldez hasiko da Korrika, 16:30 aldera. Ekitaldi bat egingo dute lehendabizi, eta eskuz esku ibiliko den lekukoan sartuko dute amaieran irakurriko duten mezua. Amurrion hasi, eta ekialdera joko du Korrikak. Aiaraldean eta Enkarterrin ibiliko da arratsaldean, eta atzera Araban sartuko da ondoren; 22:40 aldean iritsiko da Laudiora, esaterako. Berriz ere Bizkaira egingo du handik, eta ekialderanzko bidea hartuko du. Hego Uribetik eta Durangaldetik igarota, Gipuzkoan sartuko da ostiral goizaldean. 09:30ean helduko da Eibarrera, eta Debagoieneko zenbait herri igaroko ditu ondoren: eguerdian pasatuko da Arrasate eta Bergaratik, esaterako.

Leintz-Gatzagatik, Legutiora joango da Korrika, eta, hala, Gasteizerako bidea hartuko du. Arabako hiriburuan amaitu zen duela hiru urteko lasterketa, eta hiriburu huraxe igaroko du aurtengoak lehenik. 17:00ak pasatxoan iritsiko da Gasteizera Korrika, eta gaua izango da handik ateratzerako. Arabako Lautadatik, Nafarroara sartuko da, Sakanatik barrena. Altsasun 03:00 aldean sartuko da, besteak beste. Igande goizaldean, berriz, Iruñerrira helduko da; erdigunera, 12:15 aldean. Hegoaldera joango da handik. Tafallaldetik Erriberara joango da, eta han egingo du gaua. Biharamuneko 11:45ak izango dira Tuterara iristeko, eta ilunduta egongo da Erriberatik atera eta Zangozaldean sartzen denerako.

[YouTube]https://youtu.be/nNAsgjgmHIk[/YouTube]

Handik, Pirinio ingurura joango da. Goizean iritsiko da Itzaltzura, eta Orreaga aldera egingo du gero. Ezkaroze, Abaurregaina, Auritz eta beste igaroko ditu bide horretan. Arnegiko mugatik, Nafarroa Beherean sartuko da Korrika, astelehen arratsaldean. 17:00etan helduko da Donibane Garazira. Zuberoara hartuko du handik, baina tarte motza egingo du han, eta Nafarroa Beherera egingo du atzera, Erratzutik Baztanera igarotzeko. Goizaldean izango da hori. Ultzama eta Larraun igaroko ditu ondoren, eta, Sakanan ibili txiki bat egin ostean, Lizarraldera joango da. Gauean helduko da Lizarrara, 21:00ak aldera.

Asteazkena Araban hasiko du Korrikak, ordea; Mendialdean eta Trebiñon. Gorbeialdeko eta Arratiako herriak goiz-eguerdi partean gurutzatuko ditu, eta Bizkaiko hiribururako bidean jarriko da. Iluntzean eta gauean ibiliko da hiriko kaleetan.

Kostaldera, ostegunean

Bizkaiaren mendebaldean ibiliko da ondoren Korrika, eta, Ezkerraldea igarota, kostaldera iritsiko da ostegun goizaldean. Uribe Kosta inguruan ibiliko da goizean, eta Busturialdera egingo du handik. 13:30erako Bermeon behar luke, ondo bidean. Barrualdera apur bat egin, eta Eatik Lea-Artibaira egingo du; iluntzean igaroko ditu Lekeitio, Aulesti eta Berriatua, besteak beste. Kostaldean jarraituko du, eta handik iritsiko da Gipuzkoara. Urola Kostan egingo du ostegun gaua, eta Buruntzaldean sartuko da ondoren. 06:30 aldera iritsiko da Usurbilera. Tolosaldeko herrietatik Urola barrenera joango da, eta handik Urola Garaira eta Goierrira. Gipuzkoa barnealdeko inguru horretan izango da gaualdera arte. Ostiraleko azken orduak Tolosaldean egin eta gero, gauerdian Leitzaldera iritsiko da, Berastegitik. Ezkurra mendatetik Malerreka ibarrera egingo du ondoren, eta Bortzirietara gero. 05:00etan iritsiko da Igantzira, esaterako.

Ibardingo lepotik Lapurdira sartuko da Korrika gero, eta han ibiliko da bizpahiru orduz, Zugarramurdik tarte txiki batez lasterketa Nafarroara itzuli arte. Baionarako bidean segituko du gero, eta 17:30 aldera iritsiko da Lapurdiko hiriburura. Biarritzera, berriz, 20:00ak pasatuta helduko da. Kostaldetik jarraituko du ondoko orduetan ere Korrikak, eta hala iritsiko da Bidasoaldera, gauerdian. Larunbat gauez igaroko ditu Bidasoaldea, Oarsoaldea eta Hernanialdea, eta, azkenik, goizean ailegatuko da Donostiara. Eguerdian ekitaldi bat egingo dute, eta, ohi bezala, bertan irakurriko dute Amurrion lekukoan sartutako mezua.

Azkenekoz 2011n amaitu zen Donostian Korrika. Euskalakari izan zen aldi hartako leloa, eta Gosek jarri zion musika lasterketari. Ilaski Serrano eta Kike Amonarriz orduan ETBko Mihiluze lehiaketako aurkezleek irakurri zuten amaierako mezua, Donostiako Bulebarrean. Aurtengo mezua nork irakurriko duen ez da jakingo lasterketa amaitu arte. Dena den, omenduen berri eman du AEK-k: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei egingo diete aitortza, euskararen sustapenean «eragile aktibo» izateagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.