KPI

Inflazioa %6,5era iritsi da 2021 amaieran

Argindarraren eta petrolioaren garestitzea da faktore nagusia, baina elikagaiak ere ia %5 garestitu dira.

Argindarraren garestitzea ostalaritzaren prezioetan ere antzematen hasi da. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko urtarrilaren 14a
09:42
Entzun

Euroaren garaiko inflazio handienarekin amaitu da 2021. urtea. INE Espainiako estatistika erakundeak gaur goizean emandako datuen arabera, prezioak %6,5 handitu ziren iaz Hego Euskal Herrian. Halako igoerarik ez zen izan 1992. urteaz geroztik.

Energia izan da kontsumo prezioen indizearen igoera handiaren erantzule nagusia, eta horren barruan argindarra nagusiki. Abenduan, inoizko preziorik handienera iritsi da argindar megawatt-a, eta horren ondorioz prezioek %1,2 egin dute gora hilabete horretan. Petrolioa, ordea, pixka bat merkatu zen 2021eko abenduan, omikronak kontsumoa jaitsiko zuela uste izan zuelako merkatuak.

Hala ere, energiaren garestitzea dagoeneko hedatu da beste adar batzuetara, ekoizpen kostuak handitzen dituelako. Horrela, elikagaiak ia %5 garestitu ziren iaz, eta %3 tabernak eta jatetxeak. Izan dira, ordea, inflazio apalagoko arloak, hala nola jantziak eta oinetakoak (%1,1), eta, azken urteetan ohikoa den moduan, merkatu egin dira komunikazioak (-%0,3).

Erosteko ahalmena, behera

Inflazio handiak koska egin dio herritarren erosteko ahalmenari, iaz soldatak eta pentsioak ez zirelako neurri horretan handitu, eta aurten gerta daitezkeen igoerek ere nekez konpentsatuko dutelako halako igoera bat. Horrela, pentsio publikoak %2,5 handitu dira urtarrilean, hori izan baita batez besteko inflazioa Espainian 2020ko abendutik 2021eko azarora arte.

Erosteko ahalmenaren jaitsiera izango da, hain zuzen ere, pentsiodunak bihar kalera aterako dituen arrazoietako bat. Edonola ere, baliteke pentsiodunek datorren urtean berreskuratzea aurten galdutakoaren zati bat: Europako Banku Zentralaren aurreikuspenak betetzen badira, 2022. urtearen amaieran inflazioa %2tik gertuago izango delako, baina batez besteko inflazioa hortik oso gorakoa izan daiteke, urtearen hasieran hortik oso gora egongo delako.

Egoera zailagoa izango da langile gehienentzat. Iaz, indarrean zeuden lan hitzarmenetan %1era ez zen iritsi soldata igoera, eta aurten negoziazio gogorrak espero dira soldatak KPIra lotuak ez dituzten sektoreetan: galdutako ahalmena berreskuratzeko asmoa dute sindikatuek, baina patronalek ohartu dute inflazioaren araberako igoera batek ekoizpen kostuak asko igoko lituzkeela, eta enpresa batzuk estu hartu. Adegik, esaterako, igoerak urte batzuetan banatzea proposatu die Gipuzkoako enpresei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.